Umorez betetako ikuskizun musikalarekin etorriko da gaur gauean Demode Quartet taldea Irurtzunera: Epa! Euskal kantuen a capellako bertsioak, koreografia atseginak eta elkarrizketa bitxiak osatzen dute ikuskizuna. Taldean sinesten dute euskal “esentziak” eragina izan duela munduko gainontzeko kulturetan. Hala, erabat seguru daude countryaren, jazzaren, sanbaren, bollyboodaren edo pop modernoaren jatorria Euskal Herrian dagoela. Horixe erakusten saiatuko dira gaur Irurtzunen, erantzunak baino galdera gehiago sorrarazten dituen ikuskizunean.
Mikel De La Fuente, Joli Pascualena, Iker Huitzi eta David Rosco dira Demode Quartet. 2010ean hasi zuten euren ibilbide arrakastatsua. Bere aurreneko ikuskizunean Aretha Franklin, Queen edo Madonnaren bertsioak kantatzen zituzten a capella. Antzerki ikuskizun hartan piano, biola, gitarra eta kajoi falmenkoa zituzten lagun. Oraingoan biola esku-soinuarekin ordezkatu dute Itoiz, Lertxundi edota Leteren kantuen bertsioak eskaintzeko. Joatekoa bazara, ongi pasatzeko txartela eskuan izanen duzu.