Alex Mariñelarena (Tech3) oso pozik dago Jerezeko entrenamendu ofizialetan egindako lanarekin. “Hiru eguneko testean 180 buelta eman eta gero, kontentu goaz etxera. Gure CEV-eko polea 6 ehunenekotan hobetu dugu! Martxoan gehiago! “ zioen atzo pilotu irurtzundarrak bere facebook orrian.
Aste honetan gauzak ongi joan zaizkio Jerezen. Atzoko entrenamenduko 3. saioan 9.a sailkatu zen irurtzundarra, bere denbora onena eginez. Jerezeko hiru entrenamendu egunak kontuan hartuta, Mika Kallio izan da azkarrena (1:42.169) eta Alex 20.a izan da (1:43.367), Kalliotik 1.198ra.
Hurrengo entrenamendua ostegunean eginen du Mariñelarenak, Frantziako Le Castelleteko Paul Ricard zirkuituan. Munduko Abiadura Txapelketa martxoaren 23an hasiko da, Qatarren.