Magna Nafarroa Xotak garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean Andaluzian, Jaen Paraiso taldeari 1-4 irabazi eta gero. Sailkapeneko 5. postuari eutsi dio Irurtzungo taldeak eta play off-etara sailkatzeko biderako berri ona da hori.
Lehen zatian parez pare aritu ziren Jaen eta Magna, baina Irurtzungo taldeak hobe asmatu zuen kontrako atean eta atsedenaldira 1-3ko errentarekin joan zen Victor, Jesulito eta Carlitosi esker. Bigarren zatian gol aukera gutxiago egon ziren. Magna Nafarroa Xotak oso ongi defendatu zuen eta bere errenta ongi babestu zuen. Aipatzekoa da Asier atezainak sekulako geldialdiak egin zituela, Irurtzungo atea bikain babestuz. Gainera, laugarren gola sartu zuen Asierrek.
Partida bukaeran kontentu zegoen Imanol Arregi. “Kontentu nago garaipenagatik eta, bereziki, jokalariek egindako lan bikainarengatik” nabarmendu zuen entrenatzaileak. “Partida serioa egin dugu eta oso garaipen baliagarria lortu dugu. Gakoa jokalariek egindako lan kolektiboa izan da. Serio aritu gara eta ez diogu Jaeni eroso jokatzen utzi” gaineratu du.
Manacor
Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra, 55 punturekin. Magna Nafarroa Xota 5.a da, 34 punturekin. Larunbatean Magna Nafarroa Xotak 16 punturekin sailkapenean 14.a den H. Llevant Manacor taldea hartuko du Anaitasuna pabilioian, 18:30ean. Partida konplikatua espero da, Manacorrek atzeko postuetatik aldendu nahi duelako eta Magnak goiko postuei heldu nahi dielako.