Irurtzun Euskaraz bloga berritu da

Guaixe 2014ko otsailaren 27a

Aizpea euskara taldeak sustatuta duela bost urte martxan jarri zen Irurtzun Euskaraz bloga. Herriko albisteak euskaraz emateko sortutako ekimen horren bidez euskararen erabilera sustatu nahi zuen Aizpeak. Teknologiak aurrera egitearekin batera bloga zahartzen joan da eta hura egokitzeko premia sumatu dute sustatzaileek. Berrikuntzak erronka berriei eusteko gaitasuna emanen diela uste dute.

www.irurtzuneuskaraz.com helbide berrituan albisteak argazkien eremuan edo albisteendako espazioan izanen dira. Gainera, urtekariak eta Irurtzun Telebistako saioek orri propioak izanen dituzte. Berrikuntza horiekin batera agenda eta argazki galeriak ere gaineratu dituzte, herriko gertakari nagusien berri emateko.

Sustatzaileek bloga egonkortuta dagoela adierazi digute. Hilean, bataz beste, 600 bisita ditu. Euskara taldearen, Pikuxarren, Iratxoren eta Orritzen berriak zabaldu ditu nagusiki orain arte blogak. Orain herri guztira zabaltzeko asmoa dute Aizpeakoek.