Mariñelarena, egonkor eta aldaketarik gabe

Maider Betelu Ganboa 2014ko martxoaren 3a

Ostegunean izandako eroriko larriaren ondoren, koman jarraitzen du irurtzundarrak, baina buruan zuen koagulua desegin da eta sedazioa gutxinaka jaisten ari diote medikuek

Alex Mariñelarenaren egoerak “aldaketarik gabe” jarraitzen duela adierazi dute gertukoek. Koma-induzituan dago pilotu irurtzundarra baina egoera egonkorrean dago, medikuek gutxinaka sedazioa jaisteko hartutako erabakiaren ondoren. Frantzia hegoaldeko Touloneko Saint-Anne ospitalean dago irurtzundarra, gurasoak eta arreba gertu dituela. “Alexen eboluzioa nolakoa den ikusteko itxarotea besterik ez dugu” adierazi dute senitartekoek.

Tech3 eskuderia frantziarreko pilotu sakandarrak ostegun arratsaldean eroriko larria izan zuen, Munduko Motoziklismo Txapelketa prestatzeko Paul Ricard Zirkuitu frantziarrean entrenamendu saio pribatua egiten ari zenean. Oraindik ez dakite argi nola izan zen istripua, baina badirudi irurtzundarrak buruan kolpe handia hartu zuela Beausset bihurguneko irteeran erorikoa izan eta horma baten kontra jo eta gero. Hasiera batean konortea galdu zuen 21 urteko pilotuak, baina gero hura laguntzera gerturatu zirenekin hitz egiteko gai izan zen. Hala ere, berriro konortea galdu eta Touloneko Saint-Anne ospitalera eraman zuten. Bertako medikuek koma-induzituan jartzea erabaki zuten.

Mariñelarenari egindako eskanerrean garunean hematoma bat zuela ikusi zioten, koaguloa, eta koman mantentzea erabaki zuten medikuek. Baina koagulo hori desagertu denez, gutxinaka-gutxinaka sedazioa kentzea erabaki dute medikuek, hori bai, zuhurtzia guztiarekin. Momentuz egoera egonkorrean eta aldaketarik gabe dago irurtzundarra.

Kolpe latza
Alex Mariñelarenaren istripua kolpe latza izan zen Irurtzunen. Jendeak ez zuen beste konturik ostiralean. Larunbateko inauterietan bere koadrilakoekin mozorrotzea zuen aurreikusia Alexek, eta koadrilakoak jota zeuden. Pilotuaren egoerak onera egin zuela ikusita, mozorratzea erabaki zuten baina Alex izan zuten gogoan, bere kamiseta bat eramanez.

Sare sozialak sutan
Mariñelarenari gertatutakoa azkar asko zabaldu zen sare sozialetan. Mariñelarenaren facebookean zaleek irurtzundarrari idatzitako animu mezuak berehala barratu ziren, eta twitterren ere berari animoak emateko mezuak zabaldu ziren etengabe. Mezu asko motorraren mundutik etorri ziren. Marc Marquez, Jorge Lorenzo, Toni Elias, Axel Pons, Aleix Espargaró, Ana Carrasco eta bestek euren indarra eta babesa adierazi zioten irurtzundarrari, beste hamaika zalek bezala. Animo eta onera egin dezala.