Magna Nafarroa Xotak 6-7 galdu zuen etxean sailkapeneko azken postuetan dagoen Llevant Manacorren kontra. Lehen zatian justu-justu ibili ziren Imanol Arregiren mutilak eta horrek partida guztian barna izan zuen eragina. Irurtzungo taldeak sailkapeneko 4. postura gerturatzeko urrezko 3 puntu alferrik galtzen utzi zituen.
Partida hasi eta lehen 20 minutuan ordenarik gabe aritu zen Magna. Ez zeuden eroso eta ez zuten ongi kokatzen jakin. Horrela, 10. minuturako 0-2ko aldea atera zuten Manacorrekoek. Nahiz eta Jesulitoren golarekin 1-2 gerturatu, Llevant Manacor 1-4 aurreratu zen 20. minuturako. Atsedenaldiaren ondoren hobeto kantxaratu ziren irurtzundarrak. Hobeto presionatzen hasi ziren, baina hala ere kosta egin zitzaien kontrako atean asmatzea. Javi Eseverrik gol aukera ugari sortu zituen eta gutxinaka golak heltzen hasi ziren. Jesulitok 2. gola sartu zuen, baina Vadillok 2-5 aurreratzea lortu zuen segituan. Irurtzungo taldeak ez zuen etsi eta Jesulito (2) eta Rafa Usini esker 4-5 gerturatu ziren, baina Manacorren seigarren gola iritsi zen ondoren. Carlitosek eta Carlitosek, penalty bikoitzari esker, seina berdintzea lortu zuten, eta partida horrela despedituko zela zirudienean, arbitroa amaiera seinaleztatzear zegoela, Vegak Manacorren 7. gola, garaipenarena, sartu zuen.
Porrot mingarria izan zen Irurtzungo taldearena. Imanol Arregik onartu zuen taldea ez zela espero bezala aritu. “Gaizki aritu gara eta kitto. Egindakoa onartu behar dugu, jaiki eta hurrengo partida prestatu” nabarmendu zuen. “Lehen zatian penagarri aritu gara. Hala ere, berdintzeko gai izan gara eta partida eskura izan dugu, irabazteko aukera argi bat izan dugulako. Baina guk huts egin dugu eta corner batean 3 puntuak joan zaizkigu” gaineratu zuen.
Liderraren kontra
Sailkapenean Inter Movistarrek jarraitzen du lider (58 puntu). Magna Nafarroa 5.a da (34 puntu). Hain zuzen ere, ostiralean Inter Movistar liderraren kontra ariko da Magna Xota, 21:00etan. Partida konplikatua du aurrez-aurre Irurtzungo taldeak, baina ea sorpresa eman eta liderra menpean hartzeko gai diren.