Taku Miura japoniarra, Magnan

Guaixe 2014ko martxoaren 5a

Taku Miura eta Imanol Arregi. Argazkia: Magna.
Atezain japoniarrak Magna Nafarroa Xotan entrenatuko du

Astelehenetik hasita Taku Miura atezain japoniarra Imanol Arregiren aginduetara entrenatzen ari da Magna Nafarroa Xotan. Miura apirilaren 12ra arte egongo da Iruñean eta ordura arte Magnaren entrenamendu guztietan ariko da.

Atezain japoniarrak 21 urte ditu eta Nippon Sport Science Universityn Gorputz Heziketa ikasten du. Egun Japoniako Kantou Ligueko Fire Fox Fuchu areto futbol taldeko atezain titularra da, eta bertako liga denboraldia bukatu denez, Taku Miurak Iruñera etortzea erabaki du, entrenamendu teknika berriak ikasi eta atezain bezala hobetzeko asmoz.

“Nire ametsa Japoniako selekzioarekin mundialean aritzea litzateke. Guadalajara taldean jokatu zuen Kogure jokalari japoniarrak gomendatu zidan munduko liga onena, espainiarra, ezagutu beharko nuela eta horregatik Iruñera etortzera erabaki dut, ligako klub inportanteenetako bat den Magna Xotarekin entrenatzeko” adierazi du Taku Miurak. “Hilabete eta erdiko esperientzia honi esker, ziur kirolari moduan eta maila pertsonalean haziko naizela. Horregatik, klubari eta Imanol Arregiri bihotzez eskertu nahi diet eurek emandako aukera” gaineratu du atezain japoniarrak.