Berri onak: Alex komatik atera da

Maider Betelu Ganboa 2014ko martxoaren 6a

Pilotu irurtzundarra atzo esnatu zen komatik, hitz egiten du eta hankak eta besoak mugitzen ditu.

Duela aste bat Munduko Motoziklismo Txapelketa prestatzeko Frantziako hegoaldeko Paul Ricard Zirkuituan entrenamendu pribatua egiten ari zen Alex Mariñelarena. Pilotu irurtzundarrak istripu larria izan zuen; kolpe handia hartu zuen buruan, Beausst bihurguneko irteeran erorikoa izan eta horma baten kontra jo eta gero. Touloneko Saint-Anne ospitalera eraman zuten irurtzundarra eta medikuek koma-induzituan jartzea erabaki zuten, garunean hematoma bat, odolbidua, zuelako. Odolbildu hori desagertu zenez, pixkanaka sedazioa kentzea erabaki zuten medikuek, zuhurtzia guztiarekin. Ordutik koman jarraitzen zuen irurtzundarrak, egoera egonkorrean, baina berri pozgarriak gertatu ziren atzo, pilotu irurtzundarra komatik esnatu baitzen.

“Alex atzo goizean esnatu zen, hitz egiten du eta hankak eta besoak mugitzen ditu. Orain osatzeko denbora behar du” adierazi du Alex Mariñelarenaren taldeak, Tech3 eskuderia frantziarrak.

Senitartekoak pozik
Istripua izan zuenetik Alexek bere gurasoak eta ahizpa izan ditu ondoan. Atzoko bisitara joan zirenean esnatuta opatu zuten Alex eta sekulako poza hartu zuten senitartekoek. “Horrenbeste egun koman egon eta gero, nekatuta zegoen. Hitz egiten du, baina gutxi. Eta ezagutzen gaitu” adierazi du bere amak. Berri pozgarria berehala zabaldu zen eta notizia pozez hartu zuten Irurtzunen.

Denbora behar du
Komatik atera eta gero medikuek egindako galderei ongi erantzun zien Alexek, modu zuzenean. Istripuak beste aztarna edo ondoriorik utzi duen jakiteko goizegi da oraindik. Saint-Anne ospitaleko medikuak zuhurrak dira eta beharrezkoak diren probak egin nahi dizkiote, eta pilotuaren eboluzioa ikusi. Dena den, badirudi 2 urteko pilotuaren errekuperazioa bide onetik doala, baina luzea izango dela aurreikusten da. “Errekuperazio prozesua hasi besterik ez da egin” nabarmendu zuen Tech3 eskuderiak.

Eskerrak
Izan ere, orain errekuperatzeko tartea behar du irurtzundarrak. Bestalde, Tech3 eskuderia frantziarrak eta Alexen senitartekoek euren eskerrik beroenak eman nahi dizkiete Alexen egoeragatik euren kezka eta babesa agertu duten pertsona guztiei. Facebook, twitter eta halako sare sozialen bidez asko dira pilotu irurtzundarrari animoak eman dizkioten pertsonak, herritarrak, lagunak, motorzaleak eta pilotuak. “Alex Mariñelarena komatik esnatu da. Pilotuak mugikortasuna du eta hitz egin dezake. Animo Alex!” zioen atzo MotoGPko munduko txapeldun Marc Márquezek, esaterako. Gure animurik handiena bidali nahi diogu.