Ohorezko mailako ligako azken jardunaldian Magna Nafarroa Xotari 3-0 irabazi zion Inter Movistar liderrak. Partida guztian dominatu zuen Inter liderrak eta Ricardinho izan zen bere izarra. Hala ere, Irurtzungo taldeak aurpegia eman zuen uneoro.
Hasieran ongi defendatu zuten Imanol Arregiren mutilek, baina Interri ezin zaio ezer oparitu eta Carrillok egindako falta bat azkar atera zuen liderrak, Magnakoei sorpresaz hartuta, eta Polak Interren lehendabiziko gola sartu zuen. Handik bi minututara Ricardinhok bigarrena egin zuen eta gero atsedenaldia iritsi zen. Bigarren zatian Ricardinhok taldeko hirugarren gola sartu zuen.
Magna Nafarroa Xota oso kritiko azaldu zen arbitroekin. “Batere gustatu ez zaizkidan gauzak egon dira, esaterako bi eraso, bat oso argia, txartel bat ikusi gabe ere geratu direnak. Baina, tamalez, ohituta gaude. Niretako hori oso larria da. Arbitroek ez dute asmatu” adierazi zuen Imahol Arregik.
Inter Movistarrek lidergoa sendotu du, 61 punturekin. Bigarrena Bartzelona da eta hirugarrena El Pozo Murcia, biak 53 punturekin. Magna Nafarroak 5. Postuari eusten dio, 34 punturekin.
Kopan atzera ere Inter arerio
Asteburu honetan ez da ligako partidarik jokatuko, martxoaren 13tik 16ra arte Espainiako Areto Futbol Kopa jokatuko delako, Logroñon. Eta hain zuzen ere, Kopako final laurdenetan Magna Nafarroa Xotak Inter Movistar izanen du arerio, ostegunean. Espero dezagun irurtzundarrek errebantxa hartzeko aukera izatea, baina Interrek oso zail jarriko dizkio gauzak.