Tech3 eskuderia frantziarrak adierazi duenez, Ricky Cardus pilotu katalanak ordezkatuko du Alex Mariñelarena berriki Qatarren hasiko den Munduko Motoziklismo Txapelketan. Taldeak adierazi duenez, Cardusek Mariñelarenaren tokia beteko du irurtzundarra errekuperatu eta lasterketetan parte hartzeko gai izan arte. Cardusek gaur hasiko da Tech3 eskuderiaren Mistral 610 motorrarekin lanean, Jerezen. “Kontentu nago Tech3 Racing Team taldearekin mundialean parte hartzeko aukera dudalako, eta alde horretatik eskerrak eman nahi dizkiot taldeari, baina hau beste modu batean izatea gustatuko litzaidake, ez Alex zauritua dagoelako. Espero dut Alex berehala osatzea eta aurki lasterketetan ikustea”.
Errekuperazioko hasiera fasean dago Mariñelarena
Mariñelarenak otsailaren 27an istripu larria izan zuen Paul Ricard zirkuituan, Frantzian. Ia aste bat eman zuen koma-induzitu egoeran eta aurreko asteazkenean esnatu zen. Touloneko Saint-Anne ospitalean jarraitzen du. Bere errekuperazioaren hasieran ez dago besterik, eta medikuek ez dakite noiz osatuko den guztiz. Itxarotea, ez dago besterik. “Oraindik Saint-Anne ospitalean dago, UCIn. Tarteka esnatzen da eta burua ongi du. Ezagutzen gaitu, senitartekoekin, medikuekin, bere mekanikariekin… hitz egiten du baina oso nekatua dago, oinazeak ditu eta lotan ematen du denbora asko. Animoz ere tarteka nahiko jota dago. Bide onetik doa baina errekuperazioko hasiera fasean gaude oraindik” azaldu digu Alexen osaba Albertok. Alexek Touloneko ospitalean jarraituko du medikuek hala erabaki arte.