Carlos Arnichesen Los caciques obraren moldaketa libre batekin aterako da eszenatokira gaur Irurtzungo antzerki tailerra. Angel Sagues zuzendariak egokitu egin du 1920ko antzezlana eta De Tontos y otras especies izenburua eman dio. Hark esan digunez, “istorio dibertigarria kontatzen da, baina badu salaketa sozialetik eta kritikatik pixka bat”.
Jatorrizkoan herria kontrolatzen zuen alkate-kazikearen eta haren alabaren eskua eskatzera etorritakoen artean gaizki ulertuak sortzen ziren, lehenak udaleko kontuak aztertzera etortzen diren ikuskariak direla uste baitu. Zuzendariak esan digunez, “egitura mantendu dut, baina tailerrean jende asko dagoenez, egokitzapen handiak egin ditut, aktore bakoitzak jokoa izateko”. Aldi berean, Sagues saiatu da obrako pertsonaien izenak eta tokia, baita egoera politiko-soziala gaur egunera gerturatzen.
Tontoekin batera, lotsagabeak, astakirtenak, aukerazaleak, agintea maite dutenak, inozoak, maitaberak… denetariko espezieak daude. Eta gertu baditugu “areagotuak” agertzen dira. Gertu ditugunez, gutxienez haiekin ongi pasatzea eta inoiz onuraren bat lortzea litzateke kontua. Denetariko pertsonaiak, beraz, eszenatokian ikusiko ditugunak. Obrak hiru akto ditu eta arku moduko bastidore mugikor batzuk izanen dira hiru dekoratu osatuko dituztenak.
Hamalau
Sagues pozik dago antzezleek egindako lanarekin, “nahiko langileak dira”. Haietatik hiru hasi berriak dira: Agurtzane Urteaga, Xabier Loriente eta Txus Abad. Orain dela bi urte aritu zen taldean, baina pasa den urteko etenaren ondoren bueltan da Mariana Espuny. Zuzendaria 14 antzezleekin lastaila erdialdetik dago entseatzen, asteazkenero, 18:00etatik 20:00etara. Mustutzea bertan denez, aste honetan egunero bildu dira arratsaldez, guztia behar bezala prestatzeko.
Zein da zein
Mª Eugenia Barroso. Pentsioaren jabea.
Txeli Garcia. Pentsioko zerbitzaria.
Tere Otxoa. Herriko andrea eta irakaslea.
Genma Matxain. Alkatea.
Pakita Arruabarrena. Haurra eta sendagilea.
Olga Gajete. Herriko aristokrataren andrea.
Mariana Espuny. Gazte maitemindua.
Agurtzane Urteaga. Zerbitzaria, haurra eta irakaslearen ikaslea.
Txus Abad. Udaleko idazkaria.
Andoni Ruiz. Errepublikarra, haurra eta herriko aristokrata.
Peio Alzueta. Maitemindutako gaztearen osaba.
Javier Gonzalez. Haurra eta almintea.
Jose Ramon Irure. Alkatea kazikea.
Xabier Loriente. Gazte maitemindua.
Kanpora
Irurtzungo lau emanaldien ondoren Irurtzungo antzerki tailerrak antzezlana Castejonen (martxoaren 22an, larunbatean, 20:00etan) eta Berriozarren (apirilaren 6an, igandean, 19:00etan) emanen ditu.