Magna Kopatik kanpo, polemikarekin

Guaixe 2014ko martxoaren 14a

Inter Movistar liderraren kontrako partida azken txanpan erabaki zen eta arbitroen akats batek Magna Kopatik kanpo utzi zuen

Atzo abiatu zen Espainiako Areto Futbol Kopa, Logroñon. Kopako bi final laurden jokatu ziren. Magna Nafarroa Xotak Inter Movistar liderra izan zuen arerio –aurreko ostiralean ligako partidan elkarren arteko lehia izan zuten eta Inter nagusitu zen–. Tamalez, Kopatik kanpo geratu zen Irurtzungo taldea, Inter Movistar 3-1 gailendu zelako. Baina, polemika handiarekin. Izan ere, partida azken txanpan erabaki zen eta arbitroaren akats batek Magna Kopatik kanpo utzi zuen. Magnak ez zuen galtzea merezi izan eta arbitroek, beste behin, Interri egin zioten mesede.

Sekulako giroa izan zen partidan eta Nafarroatik zale ugari hurbildu ziren Logroñora, Magna babestera. Hasieratik sufritzea tokatu zitzaion Xotari, Inter laugarren minuturako aurreratu baitzen. Interren presioari aurre egiteko gorriak eta bi ikusi zituen Imanol Arregiren taldeak, eta Asier atezainaren geldialdi bikainei esker madrildarrek ez zuten gehiago atea zulatu. Jesulito, Roberto Martil eta Tolrá saiatu ziren, baina ez zuten Interren atea zulatu. 19 urteko Dani Saldise irurtzundarrak Kopan debutatu zuen eta lan polita egin zuen.

Arbitroen akatsak
Bigarren zatian partida apurtu egin zen. Magnak abiadura gehiago eman zion jokoari eta irurtzundarrak erosoago aritu ziren. Rafa Usinen pase bikain bati esker Roberto Martil irurtzundarrak berdintzea lortu zuen. Gainera, hortik aurrera, Magna Xota bikain aritu zen eta Inter zalantzekin hasi zen. Hala ere, 5 minuturen faltan, Borjak 2-1 aurreratu zuen Inter Movistar. Xotak Carlitos atezain-jokalari moduan jarri zuen eta Inter defentsara pasa zen. Jesulito, Rafa Usin eta Carlitosek aukera garrantzitsuak izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Tartean, arbitroek txartel gorri bat barkatu zioten Interri, txartel horian bilakatuz. Eta partida bukatzeko 15 segundoren faltan, Carlitosi egindako falta larria ez zuten seinaleztatu, eta baloia eskura jarri zioten Interri, 13 segundoren faltan Tobek Interren hirugarrena sartzeko. Oso injustua izan zen eta Magnako Xotako jokalariek jota bukatu zuten.

“Errespetua merezi dugu”
“Urte asko daramatzagu eta uste dut errespetua merezi dugula. Eta gaur guri ez digute errespetatu” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran. “Bi penalty bikoitz eta kanporaketa argi bat daude, arbitroek seinaleztatu ez zutena, eta, jakina, guztiak alde berdinera” nabarmendu zuen. “Irizpideak ez dira berdinak denondako. Arbitroek errazenera jotzen dute eta errazena da Xota izatea etxera doana, hots askorik sartu gabe” azpimarratu zuen Imanolek.
Partidari dagokionez, Arregik azaldu zuen “parez pareko partida” izan zela. “Berdindu dugu eta errebote batean sartu digute hurrengo gola. Eta gero ez digute irabazten uzten, argi eta garbi. Taldea bikain aritu da eta oso kontentu nago eurek egin dutenarekin. Eta Inter zoriontzen dut, jakina” azaldu zuen. Jokalariak “haserre zeudela” nabarmendu zuen. “Hemen denok dugu asko jokoan. Nik ez dut nahi arbitroek guri ezer ematea, baina ez dut nahi ere ezer kentzea. Eta partida honetan kendu egin digute” gaineratu zuen.

Roberto Martil jokalari irurtzundarra iritzi berekoa zen. “Sekulako partida egin dugu eta dena eman dugu. Asko presionatu dugu eta ausartak izan gara. Baina ikusle guztiek ikusi dute: ez digute irabazten utzi, edo, gutxienik, ez digute gure aukerak huts egiteko aukerarik eman”.