Irurtzun pilota klubak sekulako debut ikusgarria egin du Berria txapelketan, igandean Etxarrengo Aranburu pilotalekuan Zaramagaren kontra jokatutako 3 partidetan –kadeteak, jubenilak eta seniorrak– irurtzundarrak gailendu baitziren. Irurtzun faborito zen, eta iragarpenak bete zituen. Talde sakandarrak Iparralde izango du hurrengo aurkari, maiatzaren 4ko asteburuan, final-zortzirenetan.
Kadeteetan eta jubeniletan Irurtzungo pilotariak Zaramagakoak baino askoz gehiago izan ziren eta nagusitasun handiz gailendu ziren irurtzundarrak. Partidarik onena senior mailakoa izan zen. Zaramaga bi aurrelariekin aritu zen eta partida aurrean erabaki zedin saiatu ziren arabarrak. Hala ere, ez zitzaien ongi atera, 12-3 aurreratu baitziren Ongay eta Mitxelena. Irurtzundarrak ongi egokitu ziren Zaramagakoen planteamendura eta euren jokoa inposatzea lortu zuten. Ongayk 12 tanto egin zituen guztira.
Berria Txapelketa
Kadeteak: Beraza-De la Cruz (Irurtzun) 22 / Madrazo-Martinez (Zaramaga) 5
Jubenilak: Zudaire-Mariezkurrena (Irurtzun) 22 / Diaz de Heredia-Agirre (Zaramaga) 6
Seniorrak: Ongay-Mitxelena (Irurtzun) 22 / Larrañaga-Alvarado (Zaramaga) 11