Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarrak etxean jarraituko du bere errekuperazio prozesua. Pilotuak istripu oso larria izan zuen Frantzian, Paul Ricard zirkuituan Motoziklismo Mundiala prestatzeko entrenatzen ari zela, eta Touroneko ospitalean egon da ingresatuta ordutik. Ostiralean anbulantzian ekarri zuten Iruñera eta ordutik Nafarroako Unibertsitateko Klinikan dago ingresatuta 21 urteko gazte irurtzundarra.
Irurtzundarra koman egon zen ia astebete. Buruan izandako lesio larrienek hobera egin dute, eta, sorbaldan ebakuntza egin beharko diote, ezkerreko sorbalda-hezurra konpontzeko. “Honek denbora nahikotxo emango du, errehabilitazioan hasi baino lehen lau aste geldirik eman beharko baititu, inmobilizatuta” adierazi zuen Mariñelarenaren Tech3 taldeko Hervé Poncharal managerrak Quatarren. “Kontentu nago, oso une zailak pasa ditugulako. Gure desiorik handiena Alex berriro paddockean ikustea da” gaineratu zuen bere managerrak.
Munduko Motoziklismo Txapelketa asteburuan hasi zen, Mariñelarena gabe. Ricky Cardusek ordezkatu zuen irurtzundarra. Lan bikaina egin zuen eta 12.a sailkatu zen Moto2 mailan.