Magna Xotak beharrezkoa zuen garaipena

Guaixe 2014ko martxoaren 24a

Magna Xota eta Umacon Zaragozaren arteko partida. Argazkia: Xota.
Talde irurtzundarrak 6-4 irabazi zion Umacon Zaragozari eta 5. postuari eusten dio

Ohorezko mailako ligako azken bi jardunalditan eta Espainiako Kopan galdu eta gero, irabazi beharrean zegoen Magna Nafarroa Xota eta hala egin zuen Umacon Zaragozaren kontra. 6-4 gailendu ziren Imanol Arregiren mutilak, hasieratik bukaerara dominatu zuten partidan.

Hala ere, gauzak ez ziren ongi hasi, gol aukerak sortu arren kontrako atean ez baitzuten asmatzen irurtzundarrek. Gainera, 0-2 aurreratu zen Umacon Zaragoza. Baina egoerari buelta ematen jakin zuten Magnako jokalariek eta minutu gutxitan 3 gol sartu zituzten Rafa Usinek (2 gol) eta Carlitosek. Baina oraindik gehiago etorri ziren, eta Victor, Jesulito eta Roberto Martil jokalariei golei esker azkenean 6-4 gailendu ziren irurtzundarrak, ohorezko mailako 5. postuan mantentzea ahalbideratzen dioten urrezko 3 puntu lortuz.

Garaipena ongi datorrela dio Imanolek
Partida bukaeran pozik zegoen Imanol Arregi entrenatzailea. “Taldeak egoerari buelta ematen jakin izan du, eta goian mantentzeko 3 puntu oso garrantzitsu lortu ditugu. Irabaztea beti da positiboa, eta are gehiago Kopan gertatutakoarekin genuen hosti txarra gainetik kentzeko. Ongi dator, gertatutakoa albo batera utzi eta aurrera egiteko eta ligan zentratzeko. Egutegi oso konplikatua dugu aurretik eta garaipenarekin hastea beti dago ongi” adierazi du entrenatzaile irurtzundarrak.

Santiago Futsal, hurrengo arerioa
Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (64 puntu). Magna Navarroa 5.a da, 37 punturekin, Rios Renovables talde tuterarra puntu eskas batera duela. Ostiralean Santiagon jokatuko du Irurtzungo taldeak, 33 punturekin sailkapenean 7.a den Santiago Futsal taldearen kontra. Partida konplikatua izango da baina ea 5. postu horri eusteko moduan dagoen irurtzungo taldea.