Laugarren urtez segidan irurtzundarrek udaleko aurrekontuan erabakitzeko aukera izanen dute. Herritarrek udalaren aurrekontuaren %2, 35.000 euro, zertara bideratu zehaztu beharko dute. Lau proiekturen artean aukeratu beharko dute. Baina lau aukera horietara iritsi baino lehen talde sustatzailea azarotik Irurtzungo talde eta kolektiboetako ordezkariekin elkartu da, 288 pertsona. Jaso dituzten proposamenen eta iradokizunen artean hautaketa egin dute eta irurtzundarrek proposatutako lauen artean erabaki beharko dute. Babes gehien jasotzen duen proiektua udalari aurkeztuko zaio aurtengo aurrekontuetan gehitu dezan.
Lau proiektuak
Atakondoa eskolako aldagelak
Onartuz gero honako lanak eginen lirateke: iturgintzaren berrikuntza, ur beroaren bideratze berria eta egungo ur hotzaren sarearen aldaketa; 16 dutxa eta 4 komunetako sarrera ateen aldaketa, hezetasunari erresistentzia handiago duten materialak erabiliz; konketa eta ur pikak dauden tokiaren hobekuntza eta margo erremateak, bukaerak, ispiluak eta argi aparailuak.
Umeekin egoteko instalazioak
Neguan gurasoek eta haien umeek kalean egon beharrean lokal bat egokitzea litzateke proiektua. Aukeren artean Gaztetxokoaren ondoko lokala da, liburutegi azpikoa. Lokala astegunetan erabiliko litzateke, eskolatik aterata. Eguneroko kudeaketa Udalari eskatzen dioten guraso taldearen ardura litzateke, urtez urteko zesioaren bidez eta berritzeko aukerarekin behin garai hori bukatuta. Proiektu hau hautatuz gero, kudeaketa eta funtzionamendua parte hartu nahi duten pertsonekin landu eta hitzartuko da.
Karpa
Herriko taldeek, kolektiboek eta irurtzundarrek orokorrean erabiliko luketen karpa bat erosteko proiektua da. Proposamen honek aurrera eginez gero eta karpa erosi aurretik, baldintzak, ezaugarriak, kokalekua, kudeaketa eta funtzionamendua landu eta hitzartuko litzateke gaiaz interesa edo gogoa daukaten pertsona eta kolektiboekin.
Gimnasioa
Proiektu horren bidez gimnasio gisa erabiltzeko lokal bat egokitzea aurreikusten da. Inbertsioa hainbat lanetan eginen litzateke: igeltseroarena, zurginarena, beirak, zoruak, pintura, klimatizazioa, … Kiroldegiko bi gelatxo, areto bakar bihurtuko lirateke. Ekipatu gabeko lokal bat egokitu litzateke, etorkizunean gimnasio bihurtzeko.
Epea
Bihar hasi eta apirilaren 6ra arte herrian barna jarritako hainbat kutxetan sartu daitezke aukeraketa paperak. Bestela, preparirurtzun@gmail.com e-posta bidez aipatu daiteke zein aukeraren alde egiten den. Aurrekontu parte-hartzaileak sustatzen dituen taldeak irurtzundarrak heldu den urterako paperetan edo mezuetan proposamenak aurkeztera animatu ditu, hurrengo urterako baliagarriak izanen direlako. Edo kostu txikia izanez gero udalak eginen dituelako.
Aurrekoetan
2011 Bi Aizpetako bidexka konpondu zen.
2012 Espaloiei errespetua. Seinaleei errespetua proiektua garatu zen.
2013an Igerilekuko azpiegiturak hobetu ziren.