Magnak barkatu zuen

Guaixe 2014ko martxoaren 31

Magna eta Santiago Futsalen arteko partidako une bat. Argazkia: Xota.
Santiago Futsalek 4-3 irabazi zion Magnari

Magna Nafarroa Xotak Galizian jokatu zuen, Santiago Futsalen kontra. Bi taldeak parez pare aritu ziren eta partida lehiatua eskaini zuten. Jesulitok mustu zuen markagailua, sekulako golarekin. Baina 5 minutura berdindu zuen Santiagok. Bigarren zatian defentsa akats bati esker 2-1 aurreratu zen Santiago. Imanol Arregiren mutilek ez zuten behera egin eta bina berdindu zuen Tolràk. Atzera ere Santiago aurreratu zen, baina Martilek hirura berdintzea lortu zuen partida bukatzeko 3 minutu falta zirela. Baina, tamalez, Santiagoko Davidek garaipenaren gola sartzeko tartea izan zuen eta 4-3 irabazi zuen Santiago Futsalek.

“Partida galtzeak pena ematen digu, partida irabazteko aukerak ere izan ditugulako. Barkatu dugu eta, azkenean, galdu dugu. Defentsa akatsek kondenatu gaituzte” azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran. “Jokalariek lan egin dute eta ez dute partida galdutzat eman baina ezinezkoa izan da” gaineratu zuen.

Larunbatean Bartzelonaren kontra
Inter Movistar da ohorezko mailako liderra, 67 punturekin. Bartzelona da bigarrena, 59 punturekin. Magna Nafarroak 5. postuari eusten dio, 37 punturekin, baina puntu bat gutxiago dute Santiago Futsalek eta Rios Renovablesek.

Partida konplikatua du Magnak asteburuan. Hain zuzen ere, larunbatean ligako bigarrena den Bartzelona hartuko du Iruñeko Anaitasuna Pabilioian, 18:30ean. Bartzelona faboritoa da, baina goiko postuetan egoteko 3 puntuak eskuratu nahi ditu Magnak, eta etxeko zaleen laguntzarekin, gauzak izugarri zail jarriko dizkio Bartzelonari. Ea 3 puntuak hemen gelditzen diren.