Itxipuru taldeak etzi goizerako udaberriko bigarren eskuko azoka antolatu du. Irurtzungo plazatik pasatzen denak mauka ederrak opatzeko aukera izanen du
arropa, liburu, elektratresna, disko eta bestelakoen artean. Ohi bezala, azokatik pasatzen denak tabernatxoan pintxo beroak opatuko ditu. Gainera, umeendako tailerrak eta jolasak izanen dira, zuzeneko musika eta beste.
Igandeko bigarren eskuko azoka kontsumoa murriztuz, produktuak berrerabili eta zaborraren sorrera gutxitzeko helburuz antolatu da. Baina produktuen salmentatik sortutako irabaziak proiektuetara bideratzen ditu Itxipuruk eta, oraingo honetan, Senegalen osasun kontsultategi bat eraikitzera bideratuko da plazatik pasatzen diren guztien ahalegina.
Lagunduko den egitasmoa
Darou Salamen osasun kontsultategi bat jaso nahi da, herritarren higieniko-sanitarioak hobetzeko. Senegal erdialdean, ingurune pobre batean, dagoen herri txiki bat da. Osasun, hezkuntza, ura eta argindarrik ez duen herri txikia da Darou Salem. Touba herritik gertu dago, Diurdel eskualdean, Mbacke departamentuan. Diurdelen 824.670 pertsona bizi dira, gehienak gazteak eta emakumezkoak. Landa eremu horretan nekazaritza da nagusi, abeltzaintza pixka bat ere bada. Baina lehorteak eta lanpostu faltak gazteak eskualdea eta Senegal bera uztera bultzatzen ditu.
Osasun arreta ez da doakoa eta herritar gehienek ez dute kontsulta bat, erradiografia edo botikak erosteko nahikoa diru. Gaitz kutsakorrak pairatzeko arrisku handia dute Darou Salemeko biztanleek. Horregatik, osasun kontsultategi bat jaso nahi dute, han ohiko gaitzak artatu ahal izateko (malaria, paludismoa, desnutrizioa, infekzioak, sarna, zauriak, dengea…). Aldi berean, kontsultategitik herritarrei zuzendutako osasun eta higiene kanpainak sustatu nahi dituzte, arreta berezia jarriz haurdun dauden emakumeengan eta haien umeengan. Egitekoen zerrenda ere GIBaren prebentzio kanpainak daude.