Magna Nafarroa Xotak Bartzelona hartu zuen etxean, Anaitasuna ia bete zuten 3.000 zaleren aurrean. Ongi jokatu zuten Imanol Arregiren mutilek, baina punteria faltagatik ihesi joan zitzaien garaipena. 2-5 irabazi zieten Bartzelonakoek, porrot mingarria.
Lehen zatia intentsitate handikoa izan zen. Irurtzungoek Bartzelonakoek baino aukera gehiago izan zituzten, baina kontrako atean ez zuten asmatzen. Bartzelonakoen aldeko 0-1arekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ere aukera politak izan zituzten, baina bazirudien baloiak ez zuela Bartzelonaren atean sartu nahi.
Zorigaiztoko bi jokaldiren ondorioz 0-3 aurreratu zen Bartzelona, partida bukatzeko 5 minuturen faltan. Imanol Arregik atezain-jokalaria formula arriskutsua erabili behar izan zuen. Horrela, Eseberrik Bartzelonaren atea zulatzea lortu zuen, baina pozak gutxi iraun zuen, Bartzelonak beste bi gol sartu zituelako. Victorrek Magnaren bigarrena sartu zuen eta horrela despeditu zen partida.
“Emaitza injustua da, taldeak, gutxienez, berdintzea merezi izan duelako. Baina galdu dugu” zihoen Imanol Arregik partida bukaeran. Jokalariek partida ona egin zutela nabarmendu zuen Imanolek, baina punteria falta eta Bartzelonako Sedano atezainaren geldialdi bikainak jo zituen galtzearen arrazoi nagusi. “Lehen zatian taldeak defentsan eta erasoan egin duen lanarekin ezin gara kontrako 0-1arekin geratu. Partidaren gakoa hor egon da” azaldu zuen entrenatzaileak.
Marfil Santa Coloma, hurrengo arerioa
Inter Movistar taldea da liderra (70 puntu). Magna Nafarroa Xota 6. postura jaitsi da (37 puntu). Larunbatean 46 punturekin 4.a den Marfil Santa Colomaren kontra jokatuko du Magnak, 18:30ean. Partida konplikatua izango da baina irabazi beharrean dago Irurtzungo taldea, sailkapenean azpiko taldeekin duen aldea txikia baita.