Mariñelarena etxean

Guaixe 2014ko apirilaren 10a

Alex Txiki bere txakurrarekin.
Etxean jarraitzen du bere osaketa prozesua. Eguenero errehabilitaziora doa eta gorputzaren oreka guztiz errekuperatzea da bere kezka nagusia

Alex Mariñelarena pilotuak istripu larria izan zuen otsailaren 27an Paul Ricard zirkuituan, entrenatzen ari zela, eta koman egon zen 6 egunetan. Hasieran Touloneko ospitalean egon zen eta martxoaren 21ean Iruñeko Klinika Unibertsitariora ekarri zuten. Ostiralean alta eman zioten. Prozesuan 14-16 kilo galdu zituen eta orain pisua berreskuratzen ari da. “Etxean egoteak izugarri poztu nau eta egunotan hobekuntza handia nabaritu dut” esan digu.  
Alexek ez du gogoratzen nola gertatu zitzaion istripua. “Kuriosoa da baina istripua baino 2 egun lehenagotik istripua pasa eta ondoko 16-17 egunera bitarteko oroitzapenik ez dut” adierazi digu.

Erronka: oreka guztiz berreskuratzea
Buruan kolpe handia hartu zuen pilotuak, baina, zorionez eta mirariz, kolpeak ez dio arrastorik utzi. Sorbaldan ebakuntza egin diote, eta hankan 4 metatartso apurtuta ditu. Oraindik ez du gorputzaren oreka guztiz errekuperatu eta hori da gehien kezkatzen duena. “Bat-bateko mugimenduak egiterakoan edo jaikitzerakoan oreka falta nabaritzen dut. Dena den, paseoak ematen hasi naiz, egunero errehabilitaziora joaten naiz eta askoz hobe nago” adierazi digu.
Irurtzundarrak ez du osatze datarik jartzen. “Lehenbailehen izatea nahiko nuke baina gutxinaka joan behar naiz, egunero hobetzen. Mundiala hastear zegoela hau gertatzea penagarria da eta une konplikatuak dira, baina orain errekuperazioan zentratzea da dagokidana” azpimarratu du 21 urteko gazteak.