Udalak gutxienez 17 pertsona kontratatuko ditu

Guaixe 2014ko apirilaren 10a

Hainbat programen bidez eginen dira kontratazioak.

Martxoko udal bilkuran onartu zuen Olatzagutiko Udalak aurtengo aurrekontua, 1.762.840 eurokoa. Bilduren aldeko botoarekin eta PPren kontrakoarekin onartu ziren aurrekontuak. (Sozialistek oraindik ez dituzte euren zinegotziak ordezkatu). Gurutze Rodriguez alkateak jakinarazi digunez, hainbat programen bidez aurten gutxienez 17 pertsona kontratatuko ditu udalak.

Pasa den urtean herriko oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak hasi zituzten eta egiteko horri segida ematen hasi dira kisusgile bat eta peoi bat. Sei hilabetez ariko dira lanean. Egur loteak markatu, baso bideak garbitu eta basoan bestelako lanak egiteko hiru hilabetetarako peoi bat kontratatzeko asmoa du udalak.

Gainera, oinarrizko errenta jasotzen duten bi edo lau pertsona ere kontratatuko dituzte, jasotako diru-laguntzaren arabera. Haien egitekoa orain ari da zehazten udala eta 6 hilabetez ariko dira lanean. Udan Euskaraz programarako bederatzi langilek eta festetan garbiketa lanak egiteko kontratatuko diren lau pertsonekin osatuko da zerrenda.

Inbertsioak
Udalak Erburua kiroldegiaren kudeaketara 188.200 euro bideratu ditu. Musika eskolarako, berriz, 41.310 euro. Bestelako lanak ere aurreikusi ditu. Hezkuntza Departamentuaren laguntza jasoz gero eskolan igogailua jarriko litzateke. Badaezpada udalak 77.000 euro bideratu ditu. Kaleetan hobekuntzak egiteko 42.000 euro izanen dira eta beste 10.000 euro dermioko bideak txukuntzeko.

Bestalde, Diario de Navarrak zabaldu zuenez, PPko zinegotzi Oscar Alvarezek Javier Bados irainengatik salatu zuen. Udalean salaketaren jakinarazpenik ez dute jaso.