Senegalgo Darou Salamen osasun kontsultategia eraikitzeko eta hango populazioari beharrezko zerbitzua emateko proiektua lagundu nahi zuen Itxipuruk oraingoan. Pasa den astean egindako afarian 640 euro bildu zituzten ekimena laguntzeko. Eta igandean izandako azokan 1.100 euro. Kopuru handia, eguraldiak lagun askok beste egiteko batzuk lehenetsi zituelako plazako azokatik pasatzea baino. Hala ere, Foru plaza azoka guztien moduan, irurtzundarren eta sakandarren bilgune bihurtu zen atzera ere.
Perura
Ohi bezala, antolakuntzan tabernatxoa jarri zuen plazan. Han saldutako edari, infusio eta gozoekin 350 euro lortu ziren. Diru hori Peruko Urubamba herriko familia bati emanen zaio. Bere kideetako bat tetraplegikoa da eta haren osasun beharrak laguntzeko izanen da dirua. Idoia Altzuetak GKE batekin herrialdera 2003an egin zuen bidaia batean ezagutu zuen familia. Orduz geroztik harremana mantendu du. Altzuetak gaixoaren egoeraren berri bere inguruan zabaldu zuen eta haren osasun premiak laguntzeko hilero dirua bidaltzen dute, gurpildun aulkirako dela, koltxoia aldatzeko dela…