Marfil Santa Coloma arerio konplikatuaren kontra hiruna berdindu zuen Magna Nafarroa Xotak eta sailkapeneko 6. postuan jarraitzea ahalbideratzen dion merezitako puntua ekarri zuen Irurtzunera.
Marfil aurreratu zen, penaltyz, baina Magnak berehala berdindu zuen, Santa Colomako Rafa Lopez jokalarian errebotatu zuen baloi batek Marfilen atean bukatu zuelako. 3 minutura Carlitosek sekulako gola sartu zuen eta atsedenaldira 1-2ko aldearekin joan zen Magna. Bigarren zatian Marfil berdintzera atera zen eta Magnak ez zuen jakin Kataluniako taldea behar bezala gelditzen. Horrela, bina berdindu zuen Adolfok eta handik gutxira Marfil 3-2 aurreratu zuen Medinak. Carlitos atezain-jokalari moduan jarri zuen Imanol Arregik eta 36. minutuan Jesulitok berdinketako gola sartu zuen.
Imanol Arregi entrenatzailearen ustetan Magnak irabaztea merezi zuen. “Bigarren zatian akats batzuk egin ditugu, tartetxo batean ez gara fin aritu, baina partida guztia kontuan hartuta uste dut hobeak izan garela” azaldu zuen Magnak. “Taldea ongi dabil, baina kontrako atean gehiago asmatzea falta zaigu” nabarmendu zuen Irurtzungo teknikariak.
Larunbatean derbya
Lehen mailako liga despeditzeko bi jardunaldi falta dira. Egun, Inter Movistar da liderra (73 puntu). Magna 7.a da, 38 punturekin, 6.a den Montesinos Jumillarekin puntutara berdinduta. Larunbatean, hilak 19, Magna Nafarroa Xotak 39 punturekin sailkapenean 5.a den Tuterako Rios Renovables taldearen kontra jokatuko du Tuteran. Derbyak duen berezko emozioaz gain, 5. postua dago jokoan, soilik puntu bateko aldea baitute bi talde nafarrek. Hortaz, partida lehiatu eta ikusgarria espero da.
Apiribilaren 25ean ligako azken jardunaldia jokatuko da eta Peñiscola izanen du aurkari Magnak, 21:00etan, Iruñeko Anaitasuna pabilioian.