Sakanako Ibilaldi Handia: betikoa baina kontrako noranzkoan

Guaixe 2014ko apirilaren 23a

Aurten Ergako Trinitatera joko dute lehenengo.
Sakanako Ibilaldi Handiaren 25. edizioa ospatzeko, berrikuntza gisa bukaeratik hasierara eginen dute bidea. Apirilaren 26an izanen da, larunbatean, goizeko 6:30ean abiatuta

Sakanako Ibilaldi Handiak oihartzun handia hartu du azken urteotan. Erakargarria bilakatzen duten hainbat elementu uztartzen dituelako, besteak beste. Euskal Herriko erdigune geografikotik pasatzen da (Olibesarioko saroian, San Donatotik gertu) eta Nafarroako ibilbiderik luzeena, gogorrena eta zaharrena da. Nafarroako eta Euskal Herriko Mendi Ibilbide Luzeen Zirkuituan sartua dago.
XXV. edizioa izanen du, aurten, Iratxo mendi taldeak antolatutako martxak. Berezitasunen artean bat da nabarmenena: atzekoz aurrera eginen dutela ibilbidea. Trinitaterantz abiatuko dira lehenbizi Txurregira joan ordez. Horrek zer dakar? Bigarren zatia are gogorragoa izatea, Aralarko San Migel Santutegira igo eta jaitsi ondoren, Uhartetik San Donatoraino igo behar baita.

Bi ibilbide: 52,5 km eta 24,4 km
Bi ibilbide izanen dira aurtengoan ere. Lehenak, luzeenak, 52,5 kilometro luze ditu eta 3.100 metro arteko maldak. Hasieran Ergako Trinitatera igo beharko dira mendizaleak. Segidan Latasara jaitsiko dira. Bertan Goldaratzeko bide zahar dotorea hartuko dute, Larrazpil igo, Madotz jaitsi, eta Atatik barna Aralarko San Migeleraino abiatuko dira mendizaleak. Uharte Arakilera jaitsi, eta Beriaingo San Donatorantz abiatuko dira, gero Txurregiraino jotzeko. Handik jaitsi eta Izurdiaga pasa eta gero Irurtzunera iritsiko dira mendizaleak.

Bigarren ibilbidea motzagoa da. 24,4 kilometro izanen ditu eta 1.400 metroko desnibela.
Hasieran ibilbide nagusiko bidea egingo dute: Ergako Trinitatea igo, Latasatik jaitsi, Goldaratzeko bide zaharretik Larrazpilera igo eta Madotzetik jaitsi. Han Aralar aldera egin beharrean, Itxasperriko Santiago ermitara joko dute, eta usotegira igo ondoren Irurtzuneraino iritsiko dira.

Gutxi gorabehera, ibilbide handia egiteko hamar ordu inguru behar izaten dira, bigarrena, ordea, sei orduren bueltan amaitu daiteke. Luzeena egiteko goizeko 6:30ean abiatu beharko dute aurten parte hartzaileek, ordu erdi lehenago, Atakondoa pilotalekutik, eta motza egiteko berriz, ordu bete beranduago, 7:30ean.

Bi ibilbideetan horniketarako guneak izango dira. Ibilbidea bukatzen duten guztiei diploma eta oparitxo bana emanen zaie. Bukaeran, Surya Masaje Eskolari esker masajea hartzeko aukera izango dute kirolariek, eta mendizaleen artean mendiko materiala zozketatuko da.

Izena emateko: iratxoelkartea.com
Izen emateko aukera, hiru egun lehenago amaituko da, apirilaren 23an. Internet bidez egiten ahal da: iratxoelkartea.com webgunearen bitartez.

50 antolatzailetik gora
Ibilaldi handiaren egunean bertan herritar andana ariko da laguntzaile. 50 lagun baino gehiago. Bi ibilbideetan horniketarako guneak izanen dira  eta Irurtzungo kiroldegian dutxarako aukera zein masajeak jasotzeko aukera ere izanen dute. Edozein ibilbide bukatzen duten guztiei diploma eta oparitxo bana emanen zaie eta gainera mendiko materiala zozketatuko da.

Babesleak
Babesle ugariren laguntza ere beharrezkoa da. Irurtzungo udala, Nafarroako Gobernua, Euskal mendizaleen federazioa, Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundea, Kot, Surya, Kaiku, Lacturale, Mendi Kirolak eta Graficas Sakana ari dira horretan. Aurten, berrikuntza izan da Rural Kutxa ere laguntzaile delako. Komunikabideen artean, babesa agertu diote ibilaldiari: Berriak, Guaixek eta Beleixek eta Diario de Noticiasek.

iratxoelkartea.com
Probako informazio guzti-guztia eta izena ematea.