Sakanak eta Irurtzunek hartuko dute Nafarroako Dantzari Eguna

Guaixe 2014ko apirilaren 17a

Garagarrilaren 14an izanen da eta Nafarroako 35 talde etorriko dira

Orritz dantza taldeak aurten 25 urte betetzen dituela eta dantzan ospatu nahi du urteurrena. Horregatik, Nafarroako Dantzari Egunaren antolakuntza bere gain hartu du Irurtzungo dantza taldeak. Lantalde bat lastailetik ari da Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera antolaketa lanean. Nafarroa Garaiko eta Behereko 35 dantza talde izanen dira Sakanan dantzan.

Trinitate festekin batera, garagarrilaren 14an izanen da ospakizuna eta Irurtzundik Sakana guztira zabalduko da. Dagoeneko Sakanako bost udalek baiezkoa eman diote Orritzen proposamenari eta euren herrietan dantza emanaldi bana hartuko dute, 16:00etatik aurrera. Udal gehiago batuko zaizkien zain daude. Aldi berean, Sakanako herrietan bertako dantzarien saioak, baita kintoenak ere izanen direla aurreratu digute Orritzetik.

Sakanan barna barreiatutako dantza taldeak gero Irurtzunera joko dute. 19:00etan ekitaldi nagusia izanen da. Afaldu aurretik Kiki Bordatxoren musika egonen da plazan eta ondoren guztiak afaltzera elkartuko dira. Festak ordu txikitaraino izanen du segida. 700 dantzari espero dira egun horretarako eta Orritzek 150 boluntario jarriko ditu lanean. Orritzek egun horretan dantzaz gozatzera gonbidatu ditu sakandarrak.