Musika eskolarako bi irakasle kontratatuko dira

Guaixe 2014ko apirilaren 28a

Gitarra klasiko eta zeharkako txirula irakasle lanpostuak oposizio lehiaketa bidez beteko dira

Irurtzungo Udalak oposizio-lehiaketa bidez gitarra klasikoko eta zeharkako txirula eskolak emanen dituzten bi irakasle kontratatuko ditu. Aukeratuak diren pertsonak lan kontratu finkoa izanen dute eta haien lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da. Eskabideak maiatza akabera arte aurkeztu daitezke Irurtzungo udaletxean.

Bi lanpostu horietan interesa dutenek bete beharreko baldintzen artean daude Musikako Ikasketen Erdi Mailako titulua izatea, bai gitarra klasikoaren bai zeharkako txirularen espezialitatean; edo eskuratzeko baldintzak betetzea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Gitarra irakasle izanen denari, gainera, musikoterapiako titulazioa eskatzen zaio. Euskaraz jakitea ere ezinbesteko baldintza da.