Pozik. Oso pozik daude Magna Nafarroa Xota taldekoak. Eta ez da gutxiagorako ere. Aurtengo helburua lortu dute Imanol Arregiren mutilek: liga lehen postuetan despeditzea, liga erabakitzeko play off-etarako sailkatuz. Krisia dela eta, inoiz baino aurrekontu xumeagoa izan du Irurtzungo taldeak aurten. Taldeak ezin izan zituen areto futboleko izarrak bere plantillan mantendu eta bereziki Xotako harrobiko jokalariez osatutako taldea izan da aurten lehiatu dena. Eta horregatik meritu handiagoa du talde xume honek lortutakoa: lehen mailan 5. postuan sailkatzea (44 puntu) eta play off-etan jokatzeko aukera lortzea.
Ligako azken partidan etxean jokatu zuen Magnak, Anaitasunan. Peñiscola taldea hartu zuten irurtzundarrek eta 3-0 gailendu ziren berdeak, Carlistosek (2 gol) eta Rafa Usinek sartutako golei esker. Imanol Arregiren mutilak jaun eta jabe izan ziren eta Asier atezainak geldialdi bikainak egin zituen.
“Garaipen oso garrantzitsua izan da hau. Taldeak bere helburua bete du, gainetik gainera, denboraldi ikusgarria egin baitugu. Taldea ikusgarri aritu da. Orain, play off-a prestatzen hasiko gara” adierazi zuen Imanol Arregi entrenatzaileak partida bukaeran. Irurtzungo entrenatzaileak gaineratu zuenez, “urte konplikatua izan da hau, baina jokalariek taldearekiko duten konpromisoa ikusgarria izan da eta izan dugun erregulartasunarengatik 5. postuan sailkatzea lortu dugu, merezitako postua”.
Marfil Santa Coloma, play off-etako lehen aurkaria
Liga erabakitzeko play offetan ligan lehendabiziko 8 postuetan sailkatutako taldeak ariko dira: Inter Movistar (76 puntu), El Pozo Murcia (68 puntu), Barcelona (68 puntu), Marfil Santa Coloma (50 puntu), Magna Nafarroa Xota (44 puntu), Montesinos Jumilla (41 puntu), Burela (40 puntu) eta Rios Renovables (39 puntu).
Play off-etako final laurdenetan Marfil Santa Colomaren kontra aritu beharko du Magnak. Joaneko partida Iruñeko Anaitasuna pabilioian jokatuko da maiatzaren 9an, 20:30ean, eta itzulikoa Santa Coloman jokatuko da. Berdinduz gero, hirugarren partida Santa Coloman jokatuko litzateke. Beste final laurdenetan Inter Movistarrek Rios Renovables izango du aurkari, El Pozok Burela eta Barcelonak Jumilla.
Lacturalera bisita
Ostiralean Magna Xotako plantilla guztia, Tatono Arregi presidentea buru zela, eta Xotako harrobiko benjaminen taldea, 6 urtetik 9 urtera bitartekoa, Lacturaleko Hiriberriko behitegian egon ziren bisitan. Lacturaleko presidente Juanma Garrok egin zien harrera. Lacturalek 5 urte daramatza Xota babesten eta badirudi harremanak luzerako joko duela.
Tatono Arregik Xotaren kirol proiektuari babesa ematen dioten entitate eta babesleak eskertu zituen, Lacturale tartean. Halaber, klubeko harrobitik “hurrengo Rafa Usin, Jesulito edo Javi Eseverri” atera ahal dela nabarmendu zuen. Imanol Arregi entrenatzaileak babesleak eskertu zituen eta denboraldian lortutakoa nabarmendu zuen. Eta Juanma Garrok proiektua “hunkigarria dela” berretsi zuen eta “dinosauroen munduan Xota eta Lacturale nahiko ongi moldatzen direla” adierazi zuen. Halaber, Lacturalek 2013an 450 ekitaldi babestu zituela nabarmendu zuen eta aurten “bide berdina” daramatela. Bildutako guztiek lactuiogurtekin egin zuten topa.