Aurtengo udal aurrekontuaren %2, 35.000 euro, zertara bideratu erabakitzeko aukera izan dute irurtzundarrek eta eskola publikoko aldagelak konpontzea erabaki dute. Txiki Iriarte alkateak jakinarazi digu lan horiek udan eginen direla. Gaineratu du Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetan lanak egiteko diru-laguntza deialdia egitear izanen duela eta eskaera eginen duela udalak, horrela ikastetxean konponketa lan gehiago egin ahal izateko.
Pasa den ostegunean aurkeztu zizkien Aurrekontu Parte-hartzaileen Lantaldeak herritarren bozketaren emaitzak udaleko taldeei. 422 bozka paper jaso dituzte martxoaren 29tik apirilaren 6ra herriko hainbat tokitan jarritako kutxetan. Babes gehien izan duen aukera, aldagelak konpontzearenak 155 boz jaso ditu (%36,72). Gimnasioa egiteko proposamenak 20 boz gutxiago izan ditu (%31,99).
Ospakizunak eta bestelako ekitaldiak hartuko lituzkeen karpa baten erosketa 84 irurtzundarrek babestu dute (%19,9) eta, azkenik, umeekin estalpean egoteko azpiegitura sortzearen alde 35 boz jaso dira (%8,29). Gainera, dozena bat paper txuri edo baliogabe ere jaso dituzte (%2,84).
Eginen diren lanak
Iturgintzaren berrikuntza, ur beroaren bideratze berria eta egungo ur hotzaren sarearen aldaketa; 16 dutxa eta 4 komunetako sarrera ateen aldaketa, hezetasunari erresistentzia handiago duten materialak erabiliz; konketa eta ur pikak dauden tokiaren hobekuntza eta margo erremateak, bukaerak, ispiluak eta argi aparailuak.
54 proposamen
Heldu den urterako irurtzundarrek egin dituztenak.