Guaixe.net-eko Komunitatearen aurkezpena

Guaixe 2014ko maiatzaren 13a

Biharko saio praktikoan web orriko Komunitatean parte hartzeko eman beharreko pausoak erakutsiko dira

Abenduan berritu zuen Bierrik fundazioak www.guaixe.net web orria, Sakanaz sarean euskaraz hobe informatu ahal izateko. Izan ere, informazio kontsumoan aldaketa ugari eman dira (gailu mugikorren bidezko bisitak, esaterako) eta herritarren behar berriei egokitzeko apustua izan zen web aldaketa.

Sakanaz sarean euskaraz aritzeko gune berriak, www.guaixe.net-ek, informazioa eta gaurkotasuna kudeatzeko tresna berriak eskaintzen ditu. Eta horietako bat da Komunitatea, bihar Irurtzunen aurkeztuko dena. Edozein sakandar edo ibarreko talde egin daiteke kide eta bere profilaren bidez web orrian zuzenean parte hartzeko aukera izanen du; argazkiak, testuak, bideoak eta audioak ibarrarekin partekatzeko. Gainera, Guaixeren Facebook eta Twitter kontuetan ere zabalduko da web orrira igotakoa. Irurtzundarrak eta herriko talde eta eragile guztiak daude gonbidatuta Komunitateko kide egitera, baita biharko saiora joatera ere.

Aurkezpen egutegia
Maiatzaren 14an, asteazkenean, 18:30ean, Irurtzungo kultur etxean.
Maiatzaren 20an, asteartean, Olatzagutiko 18:30ean, kultur etxean.
Aurki herri gehiagotan aurkezpena.




Zer da Guaixe.net-eko komunitatea?
www.guaixe.net erabiltzen dugun guztion taldea. Kidez eta erabiltzaileez osatuta dago.

Zein erabiltzaileak?
Izena ematen baduzu eta ezizen bat edo jarri (nineu, jeronimo... edo antzeko beste bat), albisteetan erantzuteko aukera-eta izanen duzu. Zure erantzun guztien historiko bat osatzen ere joanen zara. Baina, Bierrik fundazioan ez dakigu nor zaren eta, hortaz, bestelako edukirik gehitzeko aukerarik ez duzu izanen. Eta, erantzunak ere, anonimoki baino hobe bestela emanda.

Zein dira kideak?
Kideak dira izen-abizena duten erabiltzaileak, anonimoak ez diren pertsonak eta taldeak.  Benetako “aurpegiak”. Horiek, argazkiak, artikuluak, iruzkinak eta bestelako edukia gehitzeko aukera izanera dute www.guaixe.net-era.

Zer egin kide egiteko eta edukia gehitzeko?
Bi modu zehaztu ditugu erabiltzaile bat “benetakoa” dela ziurtatzeko.

Sare sozial bidez. Sortu zure erabiltzaile profila eta, ondoren, lotu kontu hori sare sozial batekin (facebook edo twitterrekin, momentuz). Sare sozial horietan kontua baduzu, automatikoki agertuko zara “kide” modura sare horretan dituzun datuekin (argazki eta izen-abizenekin).

Kide izaera eskatuta. Bete zure izen-abizenak eta biografia atala eta igo zure argazki bat. Ondoren, zure profilean eskatu www.guaixe.net-i kide izaera. Kudeatzaile batek konprobatuko du benetako datuak eman dituzula eta onartuko dizu eskaera. Eta, hortik aurrera, zure iruzkinak, argazkiak, bideoak... edo zure kanpoko bloga www.guaixe.net-era lotzeko aukera izanen duzu.

Behin izena emanda, edozer esan al dezaket?
Ez, noski. Gogoratu arau sinple hauek Guaixe.net-en parte hartzeko erregistratu beharra dago. Alegia, erabiltzaile bihurtu. Erantzunetan edo bestelako ekarpenetan, Guaixe.net-ek akusazioak eta irainak ez ditu onartuko. Halakoak baleude, Guaixe.net-ek kentzeko eskubidea dauka. Testua euskaraz idatzi behar da. Bestela, Guaixe.net-ek kendu eginen du.