Munduko musiken erritmora inprobisatuz

Guaixe 2014ko maiatzaren 9a

Gaur, 22:00etan Irurtzungo kultur etxean, Oskar Estanga eta konpainia

Bi bertsolari eta hiru musikari igoko dira iluntzean eszenatokira Bat-batean. Munduko musikarekin bertsotan inprobisazio jaialdia eskaintzeko. Oskar Estanga (bertsoak eta gitarra) hasi zen emanaldiak eskaintzen baina duela urte bat edo konpainiarekin ari da, bertso eta musika inprobisatuaren fusioan. Konpainia horretan daude Beñart Artze (bateria), Manex Albira (baxua), Migel Mari Elosegi, Luze (bertsoak) eta Jorge Cordon (teklatua) irurtzundarra. Aspaldiko lagunak elkartu dira taldean eta haiekin aritzea luxua dela nabarmendu du Estangak.

Estangak adierazi duenez, bertsoarekin eta musikarekin jolastuz, “naturalki” sortu zen Bat-batean proiektua. “Hitzekin eta musikarekin inprobisatuz sortutako emanaldi bat da”. Munduko hainbat erritmo oinarri hartuta bertsotan aritzen dira, doinu ezagun eta ez hain ezagunekin. Bertsolariek hitzekin inprobisatzen duten moduan hala egiten dute musikariek ere, jotzeko askatasunaz gozatuz.

Konpainiako formatuarekin Donostiako azken Aste Nagusian mustu ziren. Bilboko Campos Eliseos antzokia eta Atarrabiko elkarte batetik pasa ondoren, Irurtzungoa laugarren emanaldia izanen da. Bertsozaleek harrera ona egin diote egitasmoari, baina baita bertsozaleak ez direnak, erritmo ezagunen airean inprobisazioa entzutean.