Play off-ak jokoan: Magna-Marfil

Guaixe 2014ko maiatzaren 9a

Irurtzungo taldeak Marfil Santa Coloma du aurkari gaur play off-etako final laurdenetako joaneko partidan, Anaitasunan, 20:30ean

Asteburu honetan hasiko dira areto futboleko lehen mailako titulua erabakitzeko play off-ak. Bertan ligan sailkatutako lehen 8 taldeak lehiatuko dira: Inter Movistar, El Pozo Murcia, Barcelona, Marfil Santa Coloma, Magna Nafarroa Xota, Montesinos Jumilla, Burela eta Rios Renovables. Duen aurrekontu umila kontuan hartuta eta harrobian trebatutako jokalariz beteta, Magna Xotarendako meritu handia da play off-etara sailkatu izana.

Zaleen babesa eskatu dute
Asteburu honetan play off-etako finaleko joaneko partidak jokatuko dira. Inter Movistarrek Rios Renovables izango du aurkari, El Pozok Burela, Barcelonak Jumilla eta Magna Xotak Marfil Santa Coloma. Irurtzungo taldeak gaur hartuko du Marfil Santa Coloma, Anaitasuna pabilioian, 20:30ean.

Imanol Arregi eta bere mutilak gogor entrenatzen ari dira zita garrantzitsu honetarako. Zaleen babesa eskatu dute, zale berdeek garaipena lortzeko asko egin dezaketela uste baitute Xotan. Sarrerak salgai egongo dira Anaitasunan bertan. 19:00etatik aurrera (helduek 10 euro eta 10-17 urte artekoek 5 euro). Anaitasuna beteta eta gotortuta nahi du Xotak, garaipena lortu ahal izateko.

Itzuliko partida maiatzaren 17an jokatuko dute Santa Coloman. Berdinduz gero, hirugarren partida bertan jokatuko litzateke, maiatzaren 18an.