Marfilen kontra bi partida irabazi beharko ditu Magnak aurrera egiteko

Guaixe 2014ko maiatzaren 12a

Jesulito, partidaren une batean. Argazkia: Xota.
Play off-etako final laurdenetako joaneko partidan 3-6 irabazi zion Marfil Santa Colomak Magna Xotari

Areto futboleko lehen mailako titulua erabakitzeko play off-ak abiatu ziren asteburuan. Magna Nafarroa Xota talde irurtzundarrak Marfil Santa Colomaren kontra jokatuko ditu play off-etako final laurdenak. Joaneko partida ostiralean jokatu zen, 2.200 zale bildu zituen Anaitasuna pabilioian. Irabaztea inportantea zen oso eta zaleen laguntzarekin hori lortzea zuten buruan Imanol Arregiren mutilek. Baina kolpe handia hartu zuten, talde kataluniarrak 3-6 irabazi baitzion Magnari.

Partida hasi eta 2. minuturako aurreratu zen Marfil. Magnako Asier atezainak geldialdi bikainak egin zituen, Marfilek alde gehiago ateratzea ekidinez. Zorionez, Magnak berdintzea lortu zuen 11. Minutuan Rafa Usinek sartutako golari esker. Marteleek 1-2 aurreratu zuen Marfil baina Carlitosek, penaltyz binakako berdinketa lortu zuen. Atsedenaldiaren ondoren parez pare aritu ziren bi taldeak. Victorren pase bikain bati esker Rafa Usinek 3-2 aurreratu zuen Magna, baina falta bati esker Sepek hiruna berdindu zuen eta hortik aurrera iritsi zen Marfilen errezitaldia. Hasieran 3-4 aurreratu zen Marfil. Jesulitok berdintzeko aukera izan zuen, baina Marfileko atezainak geldialdi bikaina egin zuen. Imanol Arregik Carlitos jokalari-atezain moduan jarri zuen, baina bi akatsen ondorioz Marfilek beste bi gol egin zituen eta 3-6 irabazi zuen Santa Colomako taldeak.

Santa Coloman irabaztera behartuta
Imanol Arregik partida bukaeran argi eta garbi adierazi zuenez “Marfilekoak hobeak izan dira eta horregatik irabazi dute”. Play off-etan aurrera egin nahi badute, larunbatean Santa Coloman jokatuko den itzuliko partida irabazi eta igandean toki berean berdinketa hausteko jokatuko litzatekeen hirugarren partidan gailendu beharko litzateke Magna Nafarroa Xota. “Gogor lehiatzea. Ez dago besterik. Egoera asko konplikatu zaigu baina ostiralean Bartzelonan irabazten saiatu behar gara” azpimarratu du Arregik. Ea posiblea den.