Magnak denboraldiari agur

Guaixe 2014ko maiatzaren 19a

Irurtzundarrek ezin izan zuten Marfil Santa Colomarekin eta play off-etatik kanpo geratu dira

Magna Nafarroa Xotak ezin izan zuen Marfil Santa Colomaren kontra. Ligako titulua erabakitzeko play off-etako final laurdenetan erori egin da Imanol Arregiren taldea. Iruñean jokatutako joaneko partidan 3-6 gailendu ziren kataluniarrak, eta larunbatean jokatutako itzulerako partidan ere hala gertatu zen, emaitza errepikatu baitzen.

Magna Nafarroa Xota irabaztera atera zen hasieratik. Aurrera egiteko aukerak izateko irabazi beharrean zen Magna, eta 5 minututan Eseverrik eta Jesulitok taldea 0-2 aurreratu zuten. Hala ere, Marfilek bikain erantzun zuen eta tarte gutxian partida bina berdintzea lortu zuen. Tarte horretan nor baina nor aritu ziren taldeak, eta Rafa Usinek 2-3 aurreratu zuen Irurtzungo taldeak. Baina Marfilek, atzera ere, berdintzea lotu zuen. 2 falta zalantzagarriren ondorioz penaltya jaurtiki zuen Marfilek, eta atsedenaldira 4-3ko berdinketarekin joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian oso zuhur jokatu zuten bi taldeek. Partida bukaeran Imanolek jokalari-atezainaren formula erabili zuen, baina ez zen ongi atera. Marfilek bi gol sartu zituen eta 6-3 irabazi zuen.

Arregi: “Beraiek hobeak izan dira xehetasunetan”
Imanol Arregi arbitroen erabakiekin oso kritiko azaldu zen. “Ez dugu galdu arbitroen kulpagatik, baina gure bosgarren falta, penalty bikoitza sortzen duena, barre egiteko modukoa da, hori ezin da play off batean seinaleztatu” adierazi zuen. “Aukerak izan ditugu, baina beraiek askoz lasaiago jokatu dute, markagailuan aurretik zeudelako” gaineratu zuen. Defentsa akatsak galdu izanaren gakotzat jo zituen. “Iruñean eta hemen gehiago lortu ahal izan genuen, baina beraiek hobeak izan dira xehetasunetan” ondorioztatu zuen entrenatzaileak.

Ondorioz, Marfil izango da play off-etako finalerdietara pasako den taldea. Magna Nafarroa Xota bidean gelditu da eta denboraldiari agur esango diote Imanol Arregiren mutilek, merezitako atsedena hartzeko. Nahiz eta play off-etako final laurdenetan erori, primerako denboraldia egin du Irurtzungo taldeak. Ligan 5.ak sailkatu ziren, postu bikaina, ligako aurrekontu xumeenetako bat dutela eta jokalari asko harrobitik sortutakoak direla kontuan hartuta.