Danborra jotzeko gonbitea

Guaixe 2014ko maiatzaren 29a

Batukada tailerrean izena emateko epea garagarzaroaren 20ra arte zabalik dago. Pikuxartik edo kultur etxeatik pasa behar da.

Afrikako eta hango erroak dituzten kulturetako herri ospakizunetan danbor formazioak izan dira beti. Brasildik iritsi zaizkigu Batukadak gurera eta harrera ona izan dute. Aurreko asteazken arratsaldean Irurtzunen batukada baten emanaldiarekin gozatzeko aukera izan zuten plazan elkartu ziren guztiek. Iruñeko Iturrama auzoan Oskar Estangak emandako ikastaroko kideak izan ziren lau pareta artean ikasitakoa kalean, Irurtzunen, eman zutenak. Berriobeitin izanen ziren atzo.

Barazkiguneak eta Kultur Kontseiluak sustatuta, doako batukada ikastaro laburra eginen da Irurtzunen. Bost saio izanen ditu ikastaroak. Garagarzaroaren 24an eta 26an eta garilaren 1ean eta 15ean eginen dituzte entseguak, 19:00etatik 21:00etara. Atakondoako gimnasioan eta patioan izanen da ikastaroa, Oskar Estanga irakaslearekin. Ikasitakoa festetan erakutsiko dute, garilaren 18an. Perkusio formazioaren martxa egokia bada, ikastaro luzeagoa aukera antolatzea ez dute baztertu Irurtzunen.