Udalak Garapenerako lankidetza proiektuetarako laguntza deialdia egin du

Guaixe 2014ko ekainaren 3a

Irurtzungo Udalak egin duen deialdiak bi xede ditu. Alde batetik, Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) diru-laguntza ematea Hirugarren Munduko herrialdeekin lankidetza proiektuak egiteko. Horrekin batera, irurtzundarrak sentsibilizatzeko eta parte-hartzea sustatzeko jarduerak sustatzea; bereziki, iparraren eta hegoaren arteko desoreka ekonomiko, sozial eta kulturalen arazoen inguruan.

Deialdia irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundeek eta elkartasunezko erakunde nafarrei zuzenduta dago eta 30 egun dituzte eskaerak aurkezteko. Eskabidea baloratzerakoan kontuan izanen dira aurkeztutako proiektuek baztertu edo behartsuen bizi baldintzak hobetzeko helburua izatea. Emakumeen bizi baldintzak eta euren eskubideak eta aukerak hobetzea ere kontuan hartuko da. Azkenik, tokiko herritarren esku-hartzearen eta prestakuntzaren sustatzea baloratuko da, beste irizpide batzuekin batera.