Beste behin, Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak, Irurtzungo Udalaren, Itxipuru taldearen eta Irurtzungo Boluntario Taldearen laguntzarekin, Munduko Arrozak ekitaldia prestatu du bihar, larunbatean, Irurtzungo Foru Plazan. Izan ere, arrotz aleak berdinak dira, baina arrotza prestatzeko modua aldatu egiten da herrialdeka. Modu berean, oinarri bera izanda ere, jaioterriaren arabera ezberdinak gara pertsonak. Eta horixe da Munduko Arrozak ekimenaren bidez Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak adierazi nahi duena: “desberdinak gara, baina berdinak ere”.
Horrela, arrotz berbera banatuko zaie bihar Irurtzunen goizeko 10:00etan topo egingo duten jatorri ezberdineko sakandarrei, baina bakoitzak bere modura prestatuko du. “Kultura ezberdinetatik datozen pertsonen arteko hurbiltasuna eta hartu-emana sustatu nahi dugu, kulturen arteko elkarbizitza, topaketa eta ezagutza erraztu” adierazi du Mank-eko immigrazio teknikari Bego Zestauk. Sukalde ezberdinetara hurbildu eta errezetak trukatzeko aukera paregabea eskainiko du Munduko Arrotzak ekitaldiak, arrotzak sukaldatzeko sekretuak ikasteko parada.
Arrotzak eta askoz ere ekitaldi gehiago
Senegal, Ekuador, Maroko, Irurtzun eta hainbat herrialdeko erara prestatuko da arrotza. Eguerdi partean, arrotzak sukaldatu ondoren, arrotzen dastaketa ttikia izanen da. Arrotzak prestatzen diren bitartean, beste hainbat ekitaldi izanen dira: munduko musikak zuzenean, munduko jolasak txikienendako, henna tailerra, arabiar grafiako tailerra, sentsibilizaziorako txokoa eta makina bat sorpresa. Zestauk festan parte hartzera animatu ditu sakandarrak. “Hurbildu, begiratu, galdetu, adierazi, proposatu, parte hartu, dastatu, apaindu, dantzatu, jolastu… baina beti gozatu”.
Informazio gehiago
Kultur arteko elkarbizitza topaketari buruz gehiago jakiteko: 648 070 710.