Imanol Arregik Magna Xotan jarraituko du

Guaixe 2014ko ekainaren 24a

Imanol eta Tatono kontratua sinatu ondoren.
Urte baterako kontratua sinatu du

Magna Xotako entrenatzaile Imanol Arregik Irurtzungo taldean jarraituko du beste urte batez. Horrela, bere 14. denboraldia osatuko du talde berdean. Irurtzundarrak urte baterako sinatu du. Imanol Arregik eta Xotako presidente Tatono Arregik, biak anaiak, asteartean sinatu zuten kontratua.

Imanol, Xotako aktibo garrantzitsuenetakoa
“Imanol, Xotak duen aktibo inportanteena da. Taldeari sekulako egonkortasuna ematen dio. Horrela, gainontzekoek klubak dituen beste kezka eta arazoei irtenbidea ematen zentratu gaitezke. Klubarekiko duen fideltasuna eskertzen dugu bihotzez,  azkenaldian ekonomikoki gureak baino hobeak diren eskaintzak izan baititu” adierazi du Tatono Arregi presidenteak.

Imanol Arregi, bere aldetik, kontentu dago bere betiko taldean beste urte bat jarraituko duelako. Entrenatzaile irurtzundarra taldearen gehiengoa mantentzearen aldekoa da. “Rafa Usinen baja asko nabarituko dugu, ordezkatu ezinezko jokalaria baita. Bere falta handia izango da, baina espero dut honen aurrean beste jokalari batzuek aurrera egitea eta ardura gehiago hartzea” adierazi du Imanolek.

Esfortzua eta sakrifizioa
Krisiaren ondorioz azken urteotan aurrekontu murritzagoa du Irurtzungo taldeak eta baja inportanteak ditu. “Baina partida bakoitzean bizia emango dugu eta ditugun hutsuneak esfortzuarekin eta sakrifizioarekin estaltzen saiatuko gara. Plantillaren blokea mantentzea lortu dugu eta jokalari gazteengandik asko espero dut, taldearekiko konpromiso handiagoa hartu beharko baitute” nabarmendu du.

Horren isla, Xotako harrobitik sortutako jokalariak izango dira talde berriko pilare garrantzitsua: Roberto Martil, Asier, Dani eta Javi Saldise… Haiekin batera, Javi Eseverri kapitainak bere 18. denboraldia egingo du taldean. Eta Cadizetik etorritako Jesulitok eta Carlitosek euren magiarekin jarraitu beharko dute aurrean, golegile bikainak baitira. Esperientzia, gaztetasuna, garra, ikuskizuna… hori guztia nahastuko du Magnak hurrengo denboraldian, areto futboleko lehen mailari gogoz ekiteko.