Inasa, gero eta hustuago

Guaixe 2014ko ekainaren 27a

Jarduera gutxi dago Inasan labeak, laminatzaileak, banatzailea eta bestelako makinak eraman ondoren. Ekoizpen prozesurako erabiltzen ziren tresna gutxi batzuk mantentzen dira. Kutsaduragatik arazoak sor zitzaketen likido eta olioak zituzten egiturak ere hustu dituzte: laminatzaileen filtratze ekipoak, Air Pur azpiegitura, ur beroaren dekantatzaile eta banatzailea, baita kloro, gasolioa, azidoak, nitrogenoa, argoia eta beste ere.

Gaur egun laminazioko eta bestelako hobietatik kutsadura kentzeko baimena dute. Egiteko horren ondoren material bizigabez beteko lukete eta porlanez estaliko. Gainera, pabilioien barruan zundaketak eginen dituzte maila freatikoak neurtu eta egon litezkeen filtrazioak eragozteko, ur azpiko urak ez kutsatzeko. Egiteko hori Ebroko Ur Konfederazioak eskatuta eginen da.

Egiteko horien ondoren, lastailaren 31n, behin betiko ixteko ez da inolako jarduerarik izan beharko Inasan. Itxi ondoren, lantegiaren orubean geldituko dira zubi-garabia duten pabilioiak, bulego eta aldagela eraikinak, dauden porlan zoruak, argindar transformatzaileak (50 ppm baino gehiago PCB olio mineralak dituztenak salbu), suteen kontrako ur biltegia eta gas naturala jasotzeko azpiegitura.

Udalarekin
Irurtzungo Udala Inasak utzi duen hartzekodunen zerrendan dago. Enpresak ez zuen 2012ko kontribuzioa eta ekonomi jarduera zerga ordaindu eta udalari 42.000 zor dizkio. Hartzekodunen lehiaketa bukatzeko zain daude udalean.

Txiki Iriarte alkateak azaldu digunez, prozesua bukatzen denean Inasak industrialde izaten jarraituko du. “Hirigintza unitate bakarra da. Aldaketaren bat egin edo berriro urbanizatu nahiko balitz jabe berriak eskatu beharko luke udaletxean”.