Sexu erasoak, festetan ere soberan

Guaixe 2014ko uztailaren 15a

Han-hemenka ikusgai izanen den kartela.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio programak Irurtzungo Udalarekin batera festetan sexu erasoak ekiditeko kanpaina martxan jarriko du.

Festetan emakumezkoen eta gizonezkoen artean errespetua bulkatzeko asmoz kanpaina martxan jarri du Irurtzun aldeko Oinarrizko gizarte Zerbitzuen prebentzio programak udalarekin batera. Gazteen arteko harremanak berdintasunean oinarritu behar direla sustatu nahi du kanpainako bultzatzaileek. Aldi berean, mezu argia ere zabaldu nahi dute: festetan ematen den “gehiegizko kontsumoak ez duela inondik inora ere jarrera sexistarik justifikatzen”.

Kanpainako mezuak zabaltzeko hainbat bide erabiliko dituzte prebentzio programak eta udalak. Alde batetik, taberna eta elkarteetan jarrera sexistarik onartzen ez dela ohartarazten duten kartelak jarriko dira. Udaletxean, berriz, festak errespetutik disfrutatu leloa duen pankarta jarriko da. Bestelako karteletan honakoa irakurtzeko aukera izanen da: errespetua eta berdintasuna abiapuntu, eta festa hauetan denok goza dezagun.

Aldi berean, taberna, elkarte, txosna eta bajeretan esku-orriak eta txapak banatuko dituzte. Azken horietan ez ezetz da esaldia irakurgai izanen da. Esku-orrietan, azkenik, erasorik gabeko festak gozamen handiko festak direla adieraziko da. Aldi berean, aitzakia alkohol edo droga kontsumoa bada ere sexu erasorik ez onartzeko eskatzen da. Gainera, jarrera sexistak ez onartzeko ardura denena dela gogorarazten da. Azken batean, festetan inorekin pasa gabe ongi pasatzeko gonbitea luzatzen dute.