Pikuxar elkarteak antolatuta, igandean XVII. Irurtzungo orga kronoigoera jokatu zen. Binakako taldeak lehiatu ziren, 11 bikote guztira. Batak orga eramanez eta bestea orga gainean eserita, eliz azpiko kaletik abiatuta, aldapa izugarria igota kultur etxeraino ailegatzea zen erronka, han postuak aldatu eta, atzera ere, beheraino ailegatzeko. Tartean proba ezberdinak gainditu behar zituzten: arranpak eta enborrak zeharkatu, andamiotik arraultzak bota eta beste.
11 bikote parte hartzaileen ahaleginak jarraitzeko jendetza bildu zen. 1997tik ospatzen da proba, eta arrakasta handia du. Nonbait, Irurtzungoa eta Galiziako beste bat ospatzen omen dira bakarrik. Bikote azkarrena Iñaki Morillas “Monkiki” eta Arnatz Olan izan zen (1:55). Bi urdaiazpiko eta 12 ardo botila jaso zituzten. Bigarrenak Jota Rekalde eta Iñaki Azkona izan ziren –urdaiazpiko erdia bakoitzarendako eta 6 ardo botil– eta hirugarrenak Ramon Casteig eta Jonathan Vilches –bi gazta eta 4 ardo botil–.