Arbizu irabazle Irurtzunen

Guaixe 2014ko uztailaren 28a

Arbizu K.T., txapelduna.

Irurtzungo 12 orduetako finalean Arbizuk 3-1 irabazi zion Gunea Tabernari

Burututako denboraldi bikainari ginda jarri dio Arbizu K.T. areto futbol taldeak. I. Futsal Sakana areto futbol txapelketa irabazi eta Futsal Sakanako Kopan txapeldunorde izan eta gero, larunbatean jokatutako Irurtzungo 12 orduak irabazi ditu Arbizuko taldeak.

Hasieran, bi multzotan
Zazpi talde lehiatu ziren Irurtzungo 12 orduetan. A multzoan Irunlekun (Irurtzun-Lekunberri), Café Bar KE+DA (Berriozar), Gunea taberna (Irurtzun) eta Ingenieria Iradi (Altsasu), eta B multzoan Arbizu KT, Irurtzungo eta La Faif (Irurtzun).

Larunbatean goizeko 8:00etan hasi zen txapelketa. A multzoko lehenengo partidan Irunlekunek Gunea taberna hartu zuen menpean. Segidan, Café K+DA taldeak Ingenieria Iradiri irabazi zion. Ondoren, Gunea Tabernak 4-2 irabazi zion Café K+DA taldeari, eta Ingenieria Iradik 2-0 Irunlekuni. Hortaz, finalerdietarako postua lortzeko gauzak izugarri korapilatu ziren, aukera berdinak baitzituzten 4 taldeek. Irunlekunek, partida ikusgarrian, Café K+DA taldea hartu zuen menpean eta finalerdietara sailkatu zen. Gauza bera lortu zuen Gunea Tabernak, Ingenieria Iradiri 5-3 irabazi eta gero.

Beste multzoan, Arbizuk 2-0 irabazi zion Irurtzungo La Faif taldeari. Partida bikaina izan zen. Bigarren partidan, Irurtzungok 1-3 irabazi zion La Faifi. Arbizu eta Irurtzungo finalerdietarako sailkatuta zeuden, baina euren arteko partidak zein ordenan egingo zuten erabakitzeko balio izan zuen.

Finalerdietan, Irunlekun eta Arbizu aritu ziren lehenik. Parez-pare aritu ziren bi taldeak eta Arbizuk lortu zuen finalerako sailkatzea, 4-2 irabazi eta gero. Nabarmentzekoa izan zen Jon Navarro atezainaren lana, geldialdi bikainak egin baitzituen. Bigarren finalerdian Irurtzungo eta Gunea tabernak jokatu zuten. Bina berdindu ondoren, penaltyetan Gunea Taberna izan zen finago eta finalera sailkatu zen.

Finala, handia
Arbizu eta Gunea Taberna taldeen arteko finala ikusgarria izan zen. Giroa paregabea izan zen, jende asko hurbildu baitzen kiroldegira areto futbolaz gozatzera. Lehen zatian Arbizuk baloiaren jabetza handiagoa izan zuen eta Tikok Arbizu aurreratzea lortu zuen. Nahiz eta bi taldeek aukera izan, atsedenaldira aldeko 1-0arekin joan ziren arbizuarrak. Bigarren zatian erasora jo zuen Gunea Tabernak eta Titok berdintzea lortu zuen. Emozioa pil-pilean zegoen eta atzera ere Arbizuk aurreratzea lortu zuen, Julenen gol bati esker. Gunea Taberna saiatu zen eta berdinketa lortzear egon zen, baina Ionek Arbizuko hirugarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen partida, Arbizuk 3-1 irabazita.

Arbizuko txapeldunek 300 euro eta trofeoa jaso zituzten eta Gunea Taberna txapeldunordeek 150 euro eta trofeoa.