Jorge Nagorek ez du futbola utziko

Guaixe 2014ko uztailaren 31

3. mailako Iruña taldean ariko da

Txomin Nagore futbolari irurtzundarrak 19 urte eman ditu profesional moduan, 7 urte lehen mailan eta 12 2. mailan. Osasunarekin debutatu zuen atzelari irurtzundarrak eta aurten 2. Mailako Mirandesen ibili zen. Taldea 2. B mailara jaitsi da, eta Nagorek pena horrekin agur esan dio futbol profesionalako bere ibilbideari. Lehen mailan Athletic, Numancia, Atlético eta Mallorca taldean ibili zen eta bigarren mailan Osasunan, Atléticon, Celtan, Levanten eta Mirandesen.

Baina Txominek ez du futbola guztiz utziko, denboraldi honetan 3. mailako Iruña taldean ariko baita. “Futbol profesionaletik erretiratu naiz, ez dudalako etxetik kanpo joan nahi. Urte asko eman ditut kanpo eta beti iristen da futbol profesionalari agur esateko momentua; une hori orain izan da. Iruñean jokatzeko aukera sortu da eta bertan ariko naiz, futbolari lotuta jarraitzeko modu bat delako, eta etxean egotea ahalbideratzen didalako” azaldu du Nagorek.

Izan ere, fisikoki ongi aurkitzen da irurtzundarra. “Ongi nago eta futbola uzteak min ematen zidan. Iruñako entrenatzaile Txikik deitu ninduen, proposamena egin zidan eta maila onean jokatzea ahalbideratzen didatenez baiezkoa erantzun nion” gaineratu du Nagorek. Irurtzundarrak aipatu du 2. B mailan jokatzeko aukeraren bat bazuela baina ez zuela etxetik atera nahi.