Irurtzun erdigunean dagoen eremu hori hobetzeko zenbait lan egin ditu udalak dagoeneko. Esaterako ertzetan zituen pibote arriskutsuak kendu eta barandekin ordezkatu ditu. Aldi berean, Mikel Lasarte irurtzundarrak, borondatez, lehortutako haritz zahar batean zenbait eskultura zizelkatu zituen.
Horietaz aparte, heldu den astean haurrendako jolas parke berria jartzen hasiko da udalak kontratatutako enpresa bat. Egungo zabuak mantendu eginen dira eta saskia duen zabua gehituko zaie. Gainera, beheko partean, Erdi Aroko gaztelu baten itxura duen egitura bat jarriko da, 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako izanen dena. Jolas-parke berriagatik udalak 30.000 euro ordainduko ditu.
Gernika plaza izenaren jatorriaz
Irurtzungo Kontzejuak eman zion eremu horri Gernika izena. Bizkaiko hiriak 1937ko apirilaren 26an jasan zuen bonbardaketa gogoratzeko, bake ikur gisa eta halako sarraskirik berriro ezin dela gertatu adierazteko hartu zuen kontzejuak erabakia, bonbardaketaren 50. urteurrenean. Gernikako arbolaren kimu bat landatu eta plaka bat jarri zen.