Denboraldia prestatzeko bidean, Burelaren kontra ariko da Magna Xota bihar Asturiasen

Guaixe 2014ko irailaren 5a

Abonu kanpaina zabalik dago

Irailaren 12an hasiko du Estatuko areto futboleko lehen mailako liga Irurtzungo Magna Xota taldeak, Santiago Futsalen kontra, Anaitasuna pabilioian. Bitartean, Imanol Arregiren mutilak aurre denboraldian murgilduta daude, denboraldia behar bezala prestatzeko. Abuztuaren 20an jokatutako lagunarteko partidan, Xotak 3-1 hartu zuen menpean Link Zaragoza taldea. Eta Tafatrans taldearen kontra jokatutako lagunartekoan bana berdindu zuen Xotak. Abuztuaren 29an Anaitasuna pabilioian Xota eta Marfil Santa Coloma taldeen artean jokatu beharreko partida bertan behera geratu zen, Marfil Santa Colomako jokalarien lesioengatik. Aurredenboraldiko azken partida bihar jokatuko du Magna Xotak Asturiasen, Burelaren kontra.

Bitartean, 2014-2015 denboraldirako abonu kanpaina martxan dago. Helduek 45 euro ordaindu beharko dituzte, gazteek 25 euro eta langabetuek 10 euro. Abonu hauekin Magna Xotak Anaitasuna pabilioian jokatuko dituen partida guztiak jarraitu ahal izango dira. Abonuak Xotako bulegoetan jaso daitezke, Irurtzunen 12:00etatik 14:00etara edo Iruñean 10:00etatik 12:30era.