Magna Xota, harrobia eta gaztetasuna

Guaixe 2014ko irailaren 11

2014-2015eko Magna Xota.

Jokalarien batez bestekoa 21 urtekoa da. Tartean 4 irurtzundar daude: Daniel eta Javier Saldise, Asier Llamas eta Roberto Martil. Ostiralean hasiko dute liga, etxean, Santiago Futsalen kontra

Magna Xafarroa Xota 17. urtez ariko da areto futboleko maila nagusian, lehen mailan. Atzera ere Imanol Arregi irurtzundarrak zuzenduko du Irurtzungo taldea, 14. denboraldian jarraian, Migel Hernandezen laguntzarekin eta bere anaia Tatono Arregik jarraituko du Xotako presidente lanetan. Taldearen zuzendaritzak zain sendoak ditu, esperientzia handikoak. Aldiz, Xota taldea gaztea dela esan dezakegu, oso gaztea, jokalarien adinaren batez bestekoa 21 urtekoa baita. Gehienak 18-24 urteren bueltan dabiltza. Beteranoena, alde handiarekin, Javi Eseverri kapitaina (37 urte) da. Otsagikoak 20. denboraldia beteko du klubean.

Jokalarien dantza
Asteartean egin zuen denboraldiaren aurkezpena Magna Xotak, Civican auditorioan. Aurten 5 jokalari berri izango ditu taldeak: Pablo Ibarra (Boadilla Las Rozas), Samuel Carrillo (Rayo San Fernando), Raul Jimenez (Boadilla Las Rozas), Javi Saldise (Xota) eta Mario Santiago Pedrejon (Cadiz CF Virgili). Lau baja izan ditu Irurtzungo taldeak: Rafa Usin (Bartzelona), Alex Perez (Marfil Santa Coloma), Iñigo Amezketa (2. mailako O Parrulo Ferrol) eta Joni Delgado.

Jatorriaren aldetik, taldeko 13 jokalarien artean 4 irurtzundarrak dira: Asier Llamas atezaina, Daniel Saldise hegala, Roberto Martil hegal-atzelaria eta Javier Saldise pibota. Javi Eseverri kapitain beteranoa da aurrekoetaz gain, nafar bakarra. Gainontzeko jokalariak Raul Jimenez atezain madrildarra, Marc Tolrà atzelari bartzelonarra, Victor Arévalo hegal-atzelaria, Jesulito hegal kadiztarra, Pablo Ibarra hegal madrildarra, Juan C. Delgado hegal-pibot kadiztarra, Samuel Carrillo hegal madrildarra eta Mario Santiago Pedrejon hegal-pibot kadiztarra dira.

Erronka
Rafa Usinen baja nabarituko du bereziki Imanol Arregiren taldeak. Baina beste batez, krisiaren eraginez harrobiaren alde egitea eta esperientzia gabeko jokalari gazteak trebatzeko apustua egin du Irurtzungo taldeak. Hala ere, talde gazte hau dena emateko prest dago, borrokatzeko irrikitan. Lehen mailari eustea da aurtengo helburua, eta ahalik eta postu gorenean sailkatzea, nahiz eta kontziente izan, aurten ahalegin handiagoa egin beharko dutela, beste talde batzuen aurrekontuarekin ezin baitute borrokatu.  

Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuenez, “plantilla gaztea da, esperientzia faltan duena, baina bizpahiru jokalari atera eta beste garai batzuen zain geratu beharko gara”. Arregik gaineratu zuenez, “Magnak ahal duen plantillarik onena du. Harrobiaren eta jokalari gazteen aldeko apustua egin behar da, nahiz eta batzuk lehen mailan esperientziarik ez izan, taldera lehenbailehen egokitu daitezen”. Alde horretatik, aurtengo denboraldia “erronka moduan” planteatzen du Imanolek. “Denboraldi bakoitza da erronka bat. Horrela ez balitz, erretiratu beharko nintzateke. Nik ilusioa, anbizioa eta borrokatzeko gogoak transmititu behar dizkiot plantillari. Arriskua duen erronka da, baina oso polita” ondorioztatu zuen.

Bere aldetik, Xotako presidente Tatono Arregik plantillarengan zuen konfiantza berretsi zuen. “Ahal duten guztia emango dute eta zailtasunak egongo dira, baina elkarrekin egingo diegu aurre” adierazi zuen. Bestalde, krisia dela eta egoera konplexua dela onartu zuen. “Egoeraren aurrean kluba koherente izaten saiatzen ari da. Ligako abonu merkeenak ditugu. Egoera honetan, Imanol Arregi klubaren balio erantsi handiena da” nabarmendu zuen Tatonok. Bestalde, Xota kirol taldea baino gehiago badela gaineratu zuen, fundazioarekin egiten duten lan soziala nabarmenduz.

Santiago Futsal, lehen arerioa
Lehen mailako areto futboleko liga asteburuan hasiko da. Magna Xotak etxean ekingo dio ligari, Anaitasuna pabilioian, Santiago Futsalen kontra (20:30ean).

Gurpea-Xota, talde filiala
Ekitaldian Magna Xotaren talde filiala aurkeztu zuten ere, Gurpea-Xota. Alfredo Hualdek entrenatuko du taldea. Jokalariak Javier Amezketa, Jon Navarro, Igor Etxarri, Ivan Alves, Jorge Zelai, Andoni Carlosena, Julen Meztu, Julen Luis, Julen Eseverri, Ignacio Perez, Saul Davila, Eduardo Goya eta Oihan Carlosena dira. Larunbatean ekingo diote 2. B mailako ligari, 2. multzoan, Zaragozako Pinseque taldearen kontra.