Lau hamarkada egin gabe pasa ondoren, eta joan den urtean berreskuratu zuten Irurtzungo ganadu azoka. Arrakastatsua izan zen aurreneko edizio horren segida da igandekoa. Gainera, eskaintza berritu dute antolatzaileek. Foru plaza, Lizarra kalea, plazako frontoia eta barazkien merkatu zaharra etzi eraldatuko dira.
Arakilgo ibarreko hiriburuko Foru plazan igandean, 21 postuetan, elikagai ekologiko eta konbentzional opatzeko aukera eskainiko du Sakanako EHNEren ekimenez sortutako Belardi ekimeneko nekazarien eta abeltzainen taldeak, baita bertako dendak ere. Bestalde, Arbaso, Euskal Herriko Artisauen Elkarteko postuen eskaintza zabala ere izanen da Irurtzungo Lizarra kalean.
Postu artean ibili nahi ez duenak, azienda ikusteko aukera izanen du plazako frontoian: latxa ardi arpeltz eta mutur gorriak (Aslana), Nafarroako rasa ardi (Arana) eta sasi-ardia (Sasiko), behi piriniarra (Aspina), nafar kasta eta betizua (Asbena,) Auritz arrazako zaldi-behorrak (Ascana) eta Nafarroako jaka (Jacana).
Desagertze zorian
Halaxe daude Piriniotako ahuntza (855 buru dira Nafarroan), pottoka (146 buru) eta Euskal zerria (120 zerrama). Haietako batzuk etzi Arakilgo eta Irurtzungo azokan ikusgai izanen dira, gainontzeko aziendarekin batera. Nafarroako Gobernuak aurki haiek desagertzeko zorian dauden arraza gisa hartuko dituela aurreratu dute antolatzaileek.
Berrikuntzak
Bigarren edizioan gizarte, ekonomia eta kultura ohiturak berreskuratzeko ohituretan sakondu nahi izan dute. Garai bateko azoken balioen muina mantenduz, antolatzaileek haiek eguneratu nahi izan dituzte. Hala, Irurtzungo hainbat tabernetan menudikoak edo barrukiak eta babak buztanarekin dastatzeko aukera izanen da. Horiek eta tripakiak, txerri hanka eta belarriak moduko mokaduak dastatzen zituzten eta dituzte abeltzainek eta tratanteek.
Jai egunetan ohikoa zen botxetan aritzea. Botxa jokoa ezagutzeko Irurtzungo Irtaxo elkarteak bi emanaldi egingo ditu igandean. Amaia kalean, berriz, garai batean lana egin ahal izateko erabiltzen zituzten lan tresnak ikusgai izanen dira. Garai bateko teknologia eta jakintza ezagutzeko aukera izanen du horrela bisitaria. Bestalde belar metak edo sokak egiten ikusiko dituzte.
Sona handiko azoka izandakoa
Arakil, Goñi, Ollo, Sakana, Larraun, Oltza Zendea, Gesalatz, Iruñerria, Euskal Herria edo estatuko Gaztela-Leon, Aragoi, Katalunia eta Valentzia aldeko tratanteak izan ziren garai batean Irurtzungo azokan.
Dozena bat antolatzaile
Irurtzun eta Arakilgo udalak, Sakanako Garapen Agentzia, Nafarroako bertako arrazen elkarteak, Arbaso Euskal Herriko Artisauen Elkartea eta Belardi elkartea.
Egitaraua
Irailak 13, larunbata
8:30ean Irurtzun-Donostia, mendi bizikletaz, Plazaolaren ibilbidetik (Info: 620 190 277)
10:00etan Irurtzungo eta Arakilgo bidexketatik ibilbide gidatua. Irurtzungo Doru
plazatik.
17:30ean Egiarretako XVI. mendeko elizako erretaula ezagutzeko bisita gidatua.
Ondoren, Itxasperriko ermitara bisita gidatua.
Irailak 14, igandea
10:00etatik 14:30era Bertako abereen gunea eta azoka gardena.
11:30ean Botxa erakustaldia Iratxo elkartean.
12:00etan Motozerrekin eginiko eskulturak.
12:30ean Belar-metak egitea.
13:00etan I. Arakilgo argazki lehiaketako sari banaketa.
Goizean zehar: nekazal lanbesen erakusketa, soken ohiko lantzea, kale animazioa, artisau forja, taloak, haurrendako zeramika eta belar meta eta Irurtzungo eta Arakilgo turismo informazioa.