Magna Xotak garaipenarekin abiatu du liga

Guaixe 2014ko irailaren 15a

Santiago Futsali 4-0 irabazi zioten Imanol Arregiren mutilek

Lehen mailako areto futbol liga ezin hobe hasi dute Imanol Arregiren mutilek. Etxean hartu zuten, ostiralean, Santiago Futsal taldea. Krisiaren eraginez harrobian sortutako jokalariez eta maila nagusian ia esperientziarik gabeko taldea sortu du Magnak, baina taldea ez da kikildu eta Santiago Futsali gol sorta ederra sartuz, 4-0, abiatu dute liga.

Hasieran paretsu ibili ziren bi taldeak, baina Pablo Ibarrak, Jesulitoren pase bikaina borobilduz, lehen gola sartu zuen. Atsedenaldia baino lehen Roberto Martilek Magnaren bigarrena sartu zuen eta, bigarren zatian, gol gosearekin jarraitu zuen Magnak. Dani Saldisek sartu zuen hirugarrena, eta Pablo Ibarrak azkena. Zaleek gogoz txalotu zuten denboraldiko lehen garaipena, eta sentsazio oso onak utzi zituen Imanol Arregiren taldeak.

“Hasiera ezin hobea eman diogu ligari. Merezitako garaipena izan da eta taldea oso ongi egon da, nahiz eta hainbat defentsa akats egin. Baina partida polita izan da, oso bizia, eta irabazten hastea beti da ona” adierazi zuen Imanol Arregik partida bukaeran. Sailkapen orokorrean Marfil Santa Coloma da liderra (3 puntu). Xota 3.a da, puntu berberekin.

Derbya
Asteburuan Tuteran jokatuko du Magna Xotak, Ribera de Navarra taldearen kontra. Ea nork irabazten dituen jokoan dauden hiru puntuak.