Derbya, Tuteran geratu zen

Guaixe 2014ko irailaren 22a

Aspil-Vidalek 3-2 irabazi zion Magna Nafarroa Xotari, azken minutuan Andresitok sartutako golari esker

Magna Nafarroa Xotak Aspil-Vidalen kontra jokatutako derbyan 3 puntuak Tuteran geratu ziren. Tuterakoak irurtzundarrak baino hobe izan ziren partida ia guztian barna, baina ez zuten jakin euren nagusitasuna golekin islatzen. Partida erritmo handikoa izan zen. Hamzak aurreratu zuen Aspil Vidal, eta Tuterakoek makina bat gol aukera gehiago izan zituzten, baina 19. minuturako Carlitosek berdintzea lortu zuen penalty bati esker. Tuterakoek penalty bat huts egin zuten eta berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian Imanol Arregiren mutilak hobe aritu ziren. Saldisek eta Jesulitok aukerak izan zituzten, baina Joselitok 2-1 aurreratu zuen Aspil-Vidal. Marc Tolràk bina berdintzea lortu zuen eta Tuterakoak garaipenaren bila saiatu ziren behin eta berriz, makina bat aukera alperrik galduz. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, Andresitok garaipenaren gola sartu zuen eta 3-2 irabazi zuten Tuterakoek.

Imanol Arregi entrenatzailea ez zegoen kontentu. “Lehendabiziko 20 minutuetan Aspil gu baino hobe aritu da. Bigarren zatian markagailua berdindua genuenean, lauzpabost gol aukera huts egin ditugu, normalean huts egiten ez ditugunak, eta, azken jokaldian partidak ihes egin digu” adierazi zuen Arregik partida bukatu eta gero. Derbyak beti partida zailak izaten direla nabarmendu zuen teknikariak, eta jokalari berriak halako partidetara ohitu behar direla. “Akatsak egiten ikasten da” gaineratu zuen.

Asteazkenean Interren kontra
Bi jardunaldi jokatuta, Bartzelona da liderra (6 puntu). Magna Nafarroa Xota 6.a da (3 puntu). Erotzeko moduko astea dute irurtzundarrek, ostiralean Tuteran jokatu ondoren asteartean sailkapenean hirugarrena den Inter Movistarren kontra jokatuko baitute Madrilen, 21:00etan. Aurreko denboraldiko ligako eta kopako txapeldunen kontrako partida konplikatua izango da, baina Irurtzungoak ez dira kikilduko. Ostiralean, Montesinos Jumilla hartuko dute Magna Xotakoek Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean.