Iratxo Binakako Botxa Txapelketak baditu txapeldunak

Guaixe 2014ko irailaren 24a

Finalistak.

Mikel Ollok eta Xabier Goñik 12-8 irabazi zieten Marian Morenori eta Santos Iragiri

Ostiralean jokatu zen Iratxo Binakako Botxa Txapelketako final handia, Irurtzungo Iratxo elkarteko botxategian. Petanka antzeko joko tradizional honek jarraitzaile asko ditu Irurtzunen eta Binakako Txapelketan 13 bikote lehiatu ziren guztira.

Ostegunean jokatutako finalerdietan Santosek eta Julenek 12-0 irabazi zieten Asensiori eta Manolori eta Mielek eta Xabierrek Pakita eta Alicia 8 tantotan utzi zituzten. Ostiralean jokatu ziren finalak. Lehenik eta behin, 3. eta 4. postuak zehazteko partida jokatu zen. Pakita Arruabarrenak eta Alizia Navarrok 12-7 irabazi zieten Asensiori eta Manolori. Eta segidan final handiaren txanda izan zen. Mikel Ollo eta Xabier Goñi botxetan finago ibili ziren eta 12-8 irabazi zieten Marian Morenori eta Santos Iragiri, txapelketa irabaziz. Bukaeran sari ematea izan zen.

Asteburuan elkarteen arteko txapelketa Irurtzunen
Asteburu honetan Antsoain, Berriozar, Txantrea, Natacion eta Irurtzungo elkarteen arteko Botxa Txapelketa jokatuko da Irurtzungo Iratxo elkartean. Berriozarrek 3 talde aurkeztuko ditu, Txantreak 2, Antsoainek beste 2, Irurtzunek 4 eta Natacionek 1. Partidak 15 tantora jokatuko dira eta jokalari bakoitzak 3 botxa botako ditu. Partidak larunbat arratsaldean, 17:00etatik aurrera eta igandean jokatuko dira. Igande goizean final laurdenak eta arratsaldean aurrefinalak eta final handia jokatuko dira. Iganderako ere bazkaria antolatu dute Iratxon, eta finalaren ondoren sari ematea izanen da.