Inter Movistarren kontra ezin da akatsik izan

Guaixe 2014ko irailaren 24a

Magna Nafarroa Xotako alineazioa Inter Movistarren kontra.

Magna Nafarroa Xotak 3-1 galdu zuen Inter Movistarren kontra

Asteburuko jardunalditik apenas errekuperatu gabe, atzo, asteartean, Magna Nafarroa Xotak Madrileko bidea hartu zuen, Inter Movistar taldearen kontra jokatzeko. Izarrez betetako taldearen kontra aritu behar izan ziren irurtzundarrak, eta nahiz eta ongi jokatu, ezin izan zuten Inter Movistar garaitu.

Partida intentsitate handikoa izan zen. Berehala Interreko Ricardinhok gola sartu zuen. Irurtzundarrak berdinketagatik borrokatu zuten, baina Interreko atezainak Tolrá, Jesulito eta Carlitosen asmo guztiak zapuztu zituzten. Magnako Asier atezainak ere Interren erasoak gelditu zituen, baina atsedenaldira joan baino lehen Ricardinhok Interren bigarren gola sartu zuen.

Atsedenaldiaren ondoren, distantzia laburtzeko prest atera ziren kantxara Imanol Arregiren mutilak. Etengabe erasotu zuten irurtzundarrek, baina ez zuten asmatzen. Aldiz, kontraerasoekin min asko egin zuen Interrek. Horrela, Carlos Ortizek madrildarren hirugarren gola sartu zuen.

Partida bukatzeko 6 minutu falta zirenean, Victor atezain-jokalari jarri zuen Imanol Arregik, eta Eseverrik 3-1ekoa sartu zuen. Tamalez, irurtzundarrek ez zuten gehiagorako astirik izan.

Magna Xotak ez zuen gaizki jokatu, baina erasoan ez zuen asmatu, eta hainbat akats egin zituen. Aldiz, Inter Movistarreko Ricardinhok munduko jokalari onenen artean dagoela erakutsi zuen, partida bikaina egin baitzuen.

Imanol Arregik azaldu zuenez, “gure akatsek erabaki dute. Inter 2-0 aurreratu da gure bi akatsengatik. Bigarren zatian partida igualtsuagoa izan da, baina buruz buruko jokaldi batean beste akats bat izan dugu, eurek hirugarren gola sartzea ekarri duena. Aukerak era izan ditugu, baina talde indartsu hauekin bizpahiru akats egiten badituzu, eurendako nahikoa da partida euren aldera emateko”.

Montesinos Jumillaren kontra burua altxatzera
Egun Inter Movistar da liderra, 9 punturekin. Magna Nafarroa 7.a da, 3 punturekin. Bi partida jarraian galdu ondoren, burua altxatzea, besterik ez zaio geratzen Magna Xotari. Apenas errekuperatzeko astirik izan gabe, ostiralean Montesinos Jumilla hartuko du Magnak Anaitasuna pabilioian, 20:30ean.